Thinking Football Film Festival
ZINEMA, FUTBOLA ETA GIZARTEA
Thinking Football Film Festival izenekoa zinema eta futbola uztartzen dituen festibal bat da. Athletic Club Fundazioak antolatzen du BBK Aretoaren laguntzaz.
2013an lehen edizioa egin zenetik festibalaren ospe ona handituz joan da etengabe, eta hala, esan dezakegu gaur egun futbola eta zinema uztartzen dituen festibalen artean garrantzitsuenetakoa dela.
Thinking festibala urtero egiten da, eta astebetean zehar, Fundazioko lantaldeak 12 eta 14 film bitartean proiektatzen ditu BBK Aretoan. Festibalerako hautatzen diren filmek giza istorioak eta gertaera sozialak kontatzen dituzte, eta betiere futbolaren munduarekin nolabaiteko zerikusia dute.
120
FILM PROIEKTATU DIRA
+ 30
HERRIALDETAKOAK
Futbola fenomeno sozial gisa
Filmetan jasotzen diren ideia desberdinak oinarri hartuta futbolak gizarte-mailan eta fenomeno kultural gisa zer paper duen hausnartzea da helburua
Lanen hautaketa egitean, futbola une horretan zer egoera sozial zeharkatzen ari den islatzea bilatzen du Fundazioko lantaldeak.
Oro har, Thinking Football Film Festival-en programazioak gaur egungo futbol industria nolakoa den eta gizartean zenbaterainoko eragina duen hobeto ulertzen laguntzen digu. Hala, proiekzioen ostean zineforum-saioak antolatzen ditu Fundazioak, kirolaren mundutik haragoko ikuspuntuak mahaigaineratzeko eta intereseko gaiak eztabaidatzeko abagunea sortzeko asmoz. Solasaldi horietan, proiektatutako filmaren ordezkariek hartu ohi dute parte (produkzio-taldekoek, zuzendaritzakoek edo aktoreek), bai eta gai horretan adituak diren pertsonek eta Athletic Clubeko ordezkariek ere. Partaideen artean gure lehen taldeetako kideak egon ohi dira, bai emakumezkoen bai gizonezkoen taldeetakoak.
Proiekzioen ostean egiten diren solasaldietan futbolaren munduko pertsonaia garrantzitsuak izan ditugu, besteak beste, Osvaldo Ardiles, Alfonsinho, Rachid Mekhloufi, Lee Dixon, Thomas Hitzlsperger, Stefan Majewski, David May, Bob Bradley, Georgios Samaras eta Ledley King izan ditugu gure artean. Athletic-eko jokalari asko ere hurreratu dira, noski, adibidez, Aritz Aduriz, Ainhoa Tirapu, Carlos Gurpegui, Erika Vázquez, Iñaki Williams, Marta Unzué eta Óscar de Marcos. Hain zuzen ere, azken horren Orsai musika taldeak, Asier Villalibrek, Dani Garcíak, Íñigo Lekuek, Mikel Vesgak, Mikel Balenciagak eta De Marcos berak osatuak, ireki zuen 2021eko festibaleko irekitze-ekitaldia.
Festibalari buruzko informazio guztia webgune honetan aurki dezakezue: fundazioa.athletic-club.eus/thinking-football/eu
Thinking Football Film Festival festibalari loturiko berriak
2030 agendarekin konprometituta
PARTE HARTU THINKING FOOTBALL PROIEKTUAN
Parte hartu nahi baduzu, leku bat dugu zuretzat gordeta Fundazioan. Hemen gaude, zuri laguntzeko prest.
Agian hau ere interesatuko zaizu
Thinking Football Film Festival-ekin lotura duten beste proiektu batzuk ezagutzeko gonbit egiten dizugu