2016an sortu zenetik, Genuine taldearen babesle nagusia da BBK Fundazioa, Fundazioaren inklusio-proiektu honekin duen gizarte-konpromisoa erakutsiz
Athletic Club Fundazioa eta BBK Fundazioa, Genuine taldearen babesle nagusia, beste urte batez elkartu dira Lezaman, kirolean inklusioa eta aukera-berdintasuna sustatzeko proiektu komun honi babesa emateko. Egun berezia izan da, 2026an hamar urte betetzen baitira Genuine taldea sortu zenetik. BBK Fundazioa beti izan da taldearen ondoan, gertutik lagunduz eta urte hauetan guztietan igaro den leku guztietan poza zabaldu duen taldeari babesa emanez.
Unai Rementeria, BBK Fundazioko presidenteak, Genuine taldeko jokalari guztiak banan-banan agurtu ditu, eta zorterik onena opa die denboraldi berri honetarako. Lehen fasea azaroaren 20an hasiko da Tarragonan. Athletic Cluben izenean, urteko hitzordu honetan Johana Ruiz-Olabuenaga Klubeko Gizarte Arlo Nagusiko zuzendaria eta Xabier de la Torre Fundazioko Enpresen arduraduna izan dira.
10 urte Athletic Cluben balioak transmititzen
Genuine taldea beti izan da Athletic Cluben balioen enbaxadore leiala. Zale leialen babesarekin, kiroltasun eredugarria erakutsi du zelai barruan zein kanpoan. Horren erakusgarri, LaLigako Fair Play-ren bost garaikur eta Houstoneko Munduko Txapelketako beste bi eskuratu ditu. Eta, are garrantzitsuagoa dena, beti egin du alaitasunez, poza eta taldearekiko kidetza-sentimendua zabalduz
Hamarkada honetan, Genuine taldea futbol-talde bat baino askoz gehiago bihurtu da. Familia athleticzaleak harrotasun-iturri eta, are gehiago, bizitzarako inspirazio-iturria aurkitu du desgaitasun intelektuala duten jokalariek osatutako talde honetan. Gainera, taldearen ibilbideak gizartea sentsibilizatzen lagundu du, pertsona guztientzat gero eta ingurune inklusiboagoak eta irisgarriagoak eraikitzearen garrantziaz ohartaraziz.
BBK Fundazioaren etengabeko babesa funtsezkoa izan da proiektua sendotzeko eta urtez urte hazten jarrai dezan ahalbidetzeko. Horrela, futbolak gizartea eraldatzeko tresna indartsua dela erakutsi du.
Izan ere, futbola dena da, dena futbola ez denean.






