Bi erakundeek lankidetza hitzarmena berritu dute eta Bilbao Kirolak-ek doan lagako ditu bere kirol instalazioak Bizitegi, Adsis, Bakuva, Ahalegina, Berriztu eta Utopia proiektuak garatzeko
Athletic Club Fundazioak eta Bilboko Udalak lankidetza hitzarmena berritu dute bazterketa soziala jasateko arriskuan dauden edo egoera zaurgarrian dauden taldeei zuzendutako 6 kirol proiektu garatzeko. Akordioaren erakunde eta proiektu onuradunak Bizitegi, Adsis, Bakuva, Ahalegina, Utopia eta Berriztu dira. Helburua da jarduera fisikoa bultzatzea, bazterketa-arriskuan edo egoera zaurgarrian dauden pertsonak gizarteratzeko tresna gisa.
Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak eta Jon Vázquez Eguskiza Athletic Club Fundazioko zuzendari nagusiak sinatu dute hitzarmena gaur goizean Bilboko Udaletxean. Ekitaldian Utopia-ko Kathia ere izan da, hitzarmenean jaso diren jardueren onuradun eta partaidea. Kkatiak kirola-gizarteratzea binomioa ardatz nagusi duten ekimenen “garrantzia eta eraginkortasuna” baloratu du.
Itxaso Errotetak gogorarazi duenez, “jarduera fisikoa osasunaren sinonimoa ez ezik, gizabanakoaren eta taldearen garapenerako tresna garrantzitsua ere bada, besteak beste, ahalegina, konpromisoa, berdintasuna eta elkarbizitza sustatzen dituelako, eta, aldi berean, gizarte-harremanak hobetzen dituelako, behar handiena duten pertsonak ingurunean, gizartean integratzeko aukera ematen duelako”.
Bestalde, Jon Vazquez Eguskizak azpimarratu du “hitzarmen hau garrantzitsua da, kirol-jarduerak ematen dituen onurez gain, talde-kirolak bakardadeari aurre egiten eta harreman afektiboak eta adiskidetasun-uneak ezartzen laguntzen baitizkiete gure proiektuen erabiltzaileei.”
Era berean, hitzarmenean konpromisoa hartzen da dibertsitate funtzionala duten pertsonen inklusiorako ekimenak dinamizatzeko, sentsibilizazio-kanpaina eta -ekintzetan parte hartzeko eta Auzo Active udal-programako kirol-jarduerak garatzeko.