Athletic Club Fundazioak eta Lurgaiak, ADSIS, Osakidetzaren BOMS, Utopia eta Walking Football proiektuekin batera, Klubaren CO2 aztarna konpentsatzeko zuhaitzak landatu dituzte
Athletic Club Fundazioak eta Lurgaia Fundazioak, Adsis Fundazioarekin, Osakidetzaren Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarearen Zaldibarreko zentroarekin eta Utopia eta Walking Football proiektuetako hainbat pertsonarekin batera, zuhaitz autoktonoak landatzeko jardunaldia antolatu dute pasa den ostegunean. Aurrekoetan bezala, ekimena CO2 konpentsazio-proiektutik harago doa, iraunkortasuna eta gizarteratzea uztartuz.
Hainbat erakunderen arteko lankidetza Fundazioak garatutako lanaren zutabe estrategikoetako bat da. Helburua da parte-hartzaile guztientzat onuragarriak izango diren eta, aldi berean, gizarte hobea eraikitzen lagunduko duten sinergiak erraztuko dituzten ekimenak eta jarduerak sustatzea.
Jardunaldia Biosfera Erreserban urtero egiten den 2.000 zuhaitz ingururen landaketaren parte da, Athletic Clubeko taldeen joan-etorriek denboraldi bakoitzean eragindako karbono aztarna indargabetzeko.
Oraingoan, haritz, gurbitza, urki eta elorriak landatu dira.