Bakuva proiektuko 6 taldeen azken entrenamendua Lezaman izan zen joan den asteartean, ikasturte amaierako ohiko merendolarekin batera
Aurreko urteetan bezala, Bakuva & Marca Terreno Lay’s Replay proiektuko 6 taldeetako 90 jokalari inguruk ikasturteko azken entrenamendua osatu zuten Lezaman, denboraldiari agur esateko.
Bakuva Fundazioa irabazi-asmorik gabeko elkartea da, Bilbo Zaharreko haurrak gizarteratzea helburu duena. Elkarteak ikasle adingabeei arreta ematea du xede, eta, horretarako, haien gizarteratze- eta garapen-prozesua bultzatzen ditu, jolas-, ikasketa- eta kirol-jardueren bidez.
Futbola dena da, dena futbola ez denean
2013az geroztik, Athletic Club Fundazioak Bakuvarekin lankidetzan dihardu, futbola gizarte-tresna gisa erabiliz, neska-mutilei eguneroko bizitzarako trebetasunak eta jokabideak eskuratzeko eta hobetzeko aukera ematen dien proiektu komun baten bidez.
Lezaman bildutako sei taldeetatik hiru neskenak dira, bigarren denboraldia beteko duen Marca Terreno Lay´s Replay proiektuaren parte direnak. Common Goal eta UEFA Foundationekin batera egindako proiektua da, Bilboko 12 eta 16 urte bitarteko neskei zuzendua, batez ere jatorri migratzaileko familietako haurrak, kirolaren bidez ikasteko eta trebatzeko gune seguru bat eskaintzea helburu duena.
Jardunaldia amaitzeko, beti bezala, merendola egin zen, eta AC Campuserako zortzi gonbidapen banatu zitzaizkien denboraldian zehar portaera eta jarrera hobea izan zuten jokalariei. Fundazioko langileekin batera, Bakuva eta Marca Terreno Lay’s Replayren aldetik Sara Garteiz eta Zoubaida joan ziren.
Athletic Club Fundazioaren beste lau inklusio-proiekturen denboraldi amaiera
Halaber, datorren ostiralean Fundazioaren beste lau inklusio-proiektuk agur esango diote 2025/26 denboraldiari: Goiztiri, Adsis, Bizitegi eta Berriztu. Lezaman egingo dute azken entrenamendua horiek ere, eta, horretarako, hainbat partida antolatuko dituzte, eta, ondoren, merendola bat, denboralduaru agur esateko.
Lau proiektu hauek gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonen inklusioaren alde lan egiten dute. Athletic Club Fundazioarekin batera, astero tailerrak, ekintzak eta entrenamenduak egiten dituzte. Azken batean futbola tresna sozial gisa erabiltzea da; futbola dena baita, dena futbola ez denean.