Athletic Club Fundazioak eta Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak jarduera fisiko egokitua hobekuntza integralaren tresna gisa sustatzen duen ekimena jarri dute abian
Lezamako instalazioek aste honetan hartu dute minbizia gainditu duten edo gaixotasuna kronikotasun-egoeran bizi duten pertsonei zuzendutako Walking Football programaren lehen saioa. Ia berrogei parte-hartzaile izan dira hasierako jardunaldi honetan, Athletic Club Fundazioak Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkartearekin batera bultzatuta.

Lehen entrenamendua Lezaman
Joan den ostegunean egindako aurkezpen-jardunaldiaren ondoren, non parte-hartzaileek instalazioak eta proiektuaren funtzionamendua ezagutzeko aukera izan baitzuten, gaur egin da programaren lehen entrenamendu ofiziala, Athletic Clubeko talde teknikoak gidatuta.
Praktikatutako modalitatea intentsitate baxukoa da, eta ez da onartzen ez korrika egitea ez kontaktu fisikorik izatea; horrek lesioen arriskua murrizten du eta gaitasun fisiko desberdinak dituzten pertsonen parte-hartzea errazten du, esperientzia segurua, inklusiboa eta irisgarria sustatuz.
Programa astero garatuko da ostegunetan 12:00etan Lezaman, kirola, osasuna eta taldekidetasuna uztartzen dituen ekimen honi jarraipena emanez.

Kirola bizi-kalitatea hobetzeko
Prozesu onkologiko bat igaro duten pertsonengan jarduera fisiko moderatua erregularki egiteak gaitasun funtzionala hobetzen, nekea murrizten, aldartea hobetzen eta, oro har, bizi-kalitatea handitzen laguntzen duela frogatu da.
Proiektu honen bidez, Athletic Club Fundazioak eta Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak kirola ongizate fisiko, emozional eta sozialerako tresna gisa sustatzeko duten konpromiso bateratua indartzen dute, minbiziak eragindako inpaktua murriztu eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin.
