Athletic Club Fundazioak eta Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak Walking Football programa bat bultzatuko dute minbizitik bizirik atera diren eta kronikotasun egoeran dauden pertsonentzat
Athletic Club Fundazioak, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkartearekin lankidetzan, Walking Football programa berri bat jarriko du abian 2026an, minbizitik bizirik atera diren edo gaixotasunarekin kronikotasun egoeran bizi diren pertsonei zuzenduta.
Ekimena Athletic Club Fundazioak kirolaren bidez osasuna eta ongizatea sustatzeko duen konpromisoaren barruan kokatzen da, Walking Football proiektua – urte batzuk lehenagotik garatzen ari zena – premia bereziak dituen eta kirol-praktika segurua eskaintzen duen kolektibo bati egokituz.
Proiektu honekin, Athletic Club Fundazioak eta Bizkaiako Minbiziaren Aurkako Elkarteak kirolaren aldeko apustua indartuko dute ongizate fisiko, emozional eta sozialerako tresna gisa, minbiziak eragindako inpaktua gutxitzera eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzera bideratuta.
Walking Football intentsitate txikiko futbol-modalitatea da, non ez den baimentzen ez kontaktu fisikorik ez korrika egitea, eta horrek lesio-arriskua murrizten du eta gaitasun fisiko desberdinak dituzten pertsonen parte-hartzea errazten du. Ebidentzia zientifikoak erakusten duenez, prozesu onkologikoa gainditu duten edo gaixotasunarekin bizi diren pertsonen artean jarduera fisiko moderatua erregulartasunez egiteak haien gaitasun funtzionala hobetzen, nekea murrizten, gogo-aldartea hobetzen eta, oro har, bizi-kalitatea hobetzen laguntzen du.
Entrenamenduak ostegunetan, 12:00etan, Lezaman
Jarduera 2026ko otsailaren lehen astean hastea aurreikusi da. Programa Athletic Clubek Lezaman dituen entrenamendu-instalazioetan egingo da, eta entrenamenduak ostegunetan, 12:00etan, izango dira, Athletic Clubeko teknikari profesionalen taldearen eskutik.
Eskaerak aurkezteko epea urtarrilaren 20ra arte (asteartea) egongo da zabalik.
Bizkaiko elkarteak parte-hartze prozesua gidatuko du, eta bera arduratuko da deialdia kudeatzeaz, kasu bakoitza banaka baloratzeaz eta interesdunei laguntzeaz.
Programan parte hartu nahi dutenek erakundearekin harremanetan jarri beharko dute 900 100 036 doako telefonora deitzen.
Plazak mugatuak dira eta izena emandako hurrenkeraren arabera baloratuko dira, ezarritako gehieneko kupoa bete arte.