Bigarren urtez jarraian, Fundazioko taldeak Fair Play saria jaso du Houstonen ospatutako Munduko Txapelketan
Athletic Club Fundazioa, gure Genuine taldea, Houstoneko Munduko Txapelketatik bueltan da txapelketako errekonozimendurik baliotsuenarekin: Fair Play saria. Bigarren urtez jarraian, lehoiak kiroltasunagatik, adiskidetasunagatik eta errespetuagatik nabarmendu dira, bai zelai barruan, baita zelaitik kanpo ere.
Sei egunez, Athletic Genuinek esperientzia ahaztezina bizi izan du Estatu Batuetan, hirugarren aldiz jarraian parte hartu baitu adimen-urritasuna eta autismoa duten 50 klub eta 53 nazioetako 1.000 kirolari baino gehiago bildu dituen txapelketan. Partaideen artean Newcastle United (Ingalaterra), Yokohama F. Marinos (Japonia), Corinthians (Brasil), Inter Miami (Estatu Batuak), Peñarol (Uruguai), Fc Seoul (Hego Korea) edo Mexiko eta Zeelanda Berriko selekzioak zeuden.
Talde zuri-gorriak kirol jokabide onenaren saria berretsi du, futbolariek eta talde teknikoak erakusten duten energia, gertutasun eta jarrera eredugarriari esker. Gainera, txapelketan zehar oso jardunaldi berezia partekatu zuten Ghanako Genuine taldearekin. Egun batzuk lehenago, Iñaki Williamsi babesa adierazteko mezu hunkigarria zabaldu zuten Athletic Clubeko sare sozialen bidez, kapitain zuri-gorriaren sustraien eta Klubak ordezkatzen dituen balioen arteko lotura sinbolizatuz.
Futbola baino askoz gehiago
Genuine Munduko Txapelketaren helburua kirolaren bidez adimen urritasuna duten pertsonen inklusioa sustatzea da. Athletic Club Fundazioaren lanarekin guztiz bat datorren filosofia bat da; izan ere, futbola gizartea eraldatzeko tresna gisa erabiltzen du, berdintasuna, elkartasuna, gainditzea eta inklusioa bezalako baloreak bultzatzeko.
Lehiaz harago, kultur eta aisialdi jarduera ezberdinez ere gozatu zuen espedizio zuri-gorriak, hala nola Harlem Globetrotters taldearen ikuskizun bat ikustea edo Houstongo Natur Zientzien Museora bisita. Bidaia hau oroitzapen ahaztezina bihurtu duten esperientziak bizi izan dituzte gure jokalariek, eta, beste behin ere, futbolak emaitzaz haraindiko eragina duela erakutsi dute.
Futbola dena da, dena futbola ez denean.
Zorionak, txapeldunak!