Fundazioko taldeak Genuine World Cup-en bigarren edizioan parte hartuko du
Hasi da Genuine World Cup-erako atzera kontaketa, Genuine Athletic Club Fundazioak aurten ere parte hartuko duen nazioarteko futbol txapelketa inklusiboa. Uztailaren 27tik abuztuaren 2ra, Genuine taldeko gure lehoiek egonaldi berezia izango dute Houstonen (Texas), Rice Unibertsitateko instalazioetan egingo den txapelketan.
Partidak lau egunez jokatuko dira, uztailaren 29tik abuztuaren 1era bitartean, eta mundu osoko taldeak bilduko dira bertan. Parte-hartzaileen artean, futbol-munduko klub garrantzitsuenetako batzuen Genuine taldeak daude. Hauek dira, adibidez, Munduko Txapelketa honetan Athletic Club Fundazioarekin bat egingo duten Europako klubetako batzuk: Rangers FC, Newcastle United, Manchester City, Manchester United, Club Brugge, Werder Bremen, Bayer Leverkusen, SL Benfica, Sporting CP, Paris Saint-Germain, AS Roma, Inter Milan edo Ajax.
Halaber, gainerako kontinenteetatik ere beste talde esanguratsu batzuk izango dira, hala nola Tigres UANL eta Club América (Mexiko), Atlanta United eta Inter Miami (USA), Corinthians (Brasil), Peñarol (Uruguai), Boca Juniors eta Racing Club (Argentina), FC Seoul (Hego Korea) edo Yokohama F. Marinos (Japonia).
Nazioarteko txapelketa honen helburua adimen urritasuna duten pertsonen gizarteratzea sustatzea da, kirolaren bidez. Fundazioaren misioarekin lotura zuzena duen helburua: kirola, eta bereziki futbola, gizartea eraldatzeko tresna gisa erabiltzea, berdintasuna, elkartasuna, gainditzea eta inklusioa bezalako balioak bultzatuz.
Futbol 8ko txapelketez gain, jokalariek, mediku eta teknikariekin batera, kultura-jardueren programazio zabalaz gozatu ahal izango dute, eta museo eta bestelako interesguneetara bisitak egingo dute, besteak beste, NASAk Houstonen duen Johnson Espazio Zentrora, edota Daikin Parken, Houston Astros estadioan, beisbol partida bat ikustera.
Hauek dira Munduko Txapelketarako deitutako lehoiak:
- Hodei Barandalla
- Igor Etxebarria
- Mikel Vaquero
- Mª. Jose Paul
- Iraide Vela
- David Santaolalla
- Ivan Minguez
- Saúl Antonio Población
- Enmaniel Vicho
- Alain Torres
- Asier Gortazar
- Patxi Arco
- Aner Ponciano
- Igor Porset
Lehen edizioaren arrakastaren ostean, aurten Genuine World Cup txapelketak jarduera gehiago izango ditu, gonbidatutako talde gehiagorekin eta dibertsio bikoitzarekin.
Aupa Genuine! Aupa Athletic!