Bakuvak, Goiztirik, Adsisek eta Berriztuk Lezaman emango diote agur denboraldiari, entrenamendu bereziekin eta askari handi batekin
Athletic Club Fundazioa INKLUSIO Arloko gizarte proiektuen denboraldi amaierako ekitaldiak ospatzen ari da egunotan. 13 proiektuak bi lan-eremu handitan banatzen dira. Desgaitasun desberdinak dituzten kolektiboak; eta justizia sozialaren gabeziekin lotutako arrazoiengatik kalteberatasun-egoeran dauden kolektiboak (genero-desberdintasuna, pobrezia, xenofobia eta marjinazioa).
Azken talde honetako kideek, Bakuva, Goiztiri, Adsis eta Berriztu proiektuen erabiltzaileek, denboraldi amaiera ospatu dute Lezaman, entrenamendu saio bereziekin eta partidatxoekin, askari handi bat barne.
Bakuva & Marca Terreno Lay’s Replay
Joan den ostegun arratsaldean, hilak 12, Bakuva proiektuko 6 taldeen azken entrenamendua ospatu zen Lezaman.
Talde hauetako hiru emakumezkoak dira eta aurten lehen denboraldia bete duen Marca Terreno Lay’s Replay proiektuarekin bat datoz. Common Goal eta UEFA Foundation-ekin batera egindako proiektua da, eta Bilboko 12 eta 16 urte bitarteko neskei zuzenduta dago, batez ere jatorri migratzailea duten familietakoei, kirolaren bidez ikasteko eta prestatzeko espazio segurua eskaintzeko.
Bakuva irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta Bilbo Zaharra auzoko haurrak gizarteratzen ditu. Eskola-adinean dauden adingabeei arreta ematea du helburu, haien integrazio- eta garapen-prozesua erraztuz bizikidetzako gizarte eta kultura batean, kirol-, jolas- eta ikasketa-jardueren bidez.
Jardunaldia askari handi batekin amaitu zen eta AC Campuserako zortzi plaza banatu zitzaizkien denboraldian zehar portaera eta jarrera hobea izan zuten jokalariei.
Goiztiri, Adsis eta Berriztu
Halaber, ostiral arratsaldean futbol 7ko txapelketa txiki bat antolatu zen Lezaman, Berriztu, Adsis eta Goiztiri proiektuen erabiltzaileen artean.
Hiru proiektu hauek gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzearen alde lan egiten dute. Athletic Club Fundazioarekin batera, tailerrak, jarduerak eta astero entrenamenduak egiten dira. Azken batean, futbola tresna sozial gisa erabiltzen da, Fundazioaren zutabeetako bat.