700 pertsona inguru bildu ziren ostiralean Lezaman, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei zuzendutako BOMS proiektuaren urteroko festan, bizi-kalitatea hobetzeko eta estigma sozialari aurre egiteko
Aurten ere –eta bederatzi dira–, Athletic Club Fundazioak eta Osakidetzaren Osasun Mentaleko Sareak 700 pertsona inguru bildu zituzten Lezaman, osasun mentalaren aldeko urteroko proiektuaren jaia ospatzeko. Elkarlan hori 2014an hasi zen, eta osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen prozesu terapeutikorako tresna erabakigarritzat jotzen du kirola egitea.
Laguntasun eta ilusio partekatuaren artean, ‘Futbola Buruan’ ekimenaren IX. edizioak asteroko entrenamendu-denboraldiari amaiera eman dio, erabiltzaileak ez ezik, arduradunak, senideak eta BOMS proiektuarekin lotutako boluntarioak ere bilduz. Parte hartu duten erakundeak honako hauek izan dira: Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea (Osakidetzako BOMS), Eragintza, Argia, Avifes, Asasam, Gizakia, Emaus, Etorkintza eta Gasteizko OMS.
Aurrekoetan bezala, jardunaldian zehar bi kirol-jarduera nagusi antolatu dira:
Walking Football txapelketa. Geurea Liga (Euskadiko Osasun Mentaleko Zentroarteko Areto Futboleko Liga) amaitu ondoren, parte hartzen duten taldeek eta futbolari berriek sailkapenik eta puntu-banaketarik gabe jokatuko dute txapelketa hau, ondo pasatzeko helburu bakarrarekin. Futbol inklusiboa Walking Football modalitatean, ibiliz eta lesioak saihestuz.
Multikirola. Intentsitate ertaineko ariketa fisikoen saioak eta taldean egiten diren askotariko jolasak, gozatzeko eta ondo pasatzeko asmoz.
Gainera, parte hartzaileek “Futbola buruan” oroimenezko piknik bat eta kamiseta bat izan dituzte.
Athletic Club Fundazioko kirol-teknikariekin eta Osakidetzako osasun mentaleko profesionalekin batera, Lezamara joan dira Johana Ruiz Olabuenaga, Athletic Clubeko Gizarte Arloko zuzendaria, eta Amaia Echevarria, BOMS Psikiatriako zerbitzuburua.
“Futbola dena da, dena futbola ez denean”
Osasun Mentaleko Sarea osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei zuzendutako proiektua da, gehienak nahasmendu mental larriak dituztenak, eta komunitatearen eta ospitaleen eremuko helduak, haurrak eta nerabeak barne hartzen dituztenak.
Proiektuaren funtsezko kontzeptuak kirola tresna terapeutiko gisa erabiltzea, balioan oinarritutako arreta eta humanizazioa dira. BOMSak erabilitako lelo honetan laburbiltzen diren kontzeptuak dira: “Kirola, zaintzatik egiten denean, eraldatu egiten da”, Athletic Club Fundazioaren leitmotiv-aren osagarri egokia: “Futbola dena da, dena futbola ez denean”.
Proiektua astean egiten diren areto-futboleko, Walking Footballeko eta kirol anitzeko entrenamenduek osatzen dute. Athletic Club Fundazioko teknikariek zuzentzen dituzte entrenamendu horiek, eta BOMSko zentroak dauden udalerrietako baliabide komunitarioetan eta Bizkaiko hiru ospitale psikiatrikoetan garatzen dira.
Athletic, inklusioaren eta normalizazioaren eragile
Taldean kirola egitea osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen errekuperazio osoko prozesuaren parte da. Itxura fisikoa hobetzen, sindrome metabolikoari aurre egiten eta ohitura osasungarriak hartzen laguntzeazgain, pertsonek ingurune komunitarioan dituzten bizi-proiektuak garatzen ere laguntzen du, bakardadeari aurre eginez eta kolektibo horrek pairatzen duen estigma sozialaren aurka borrokatuz.
Athletic Clubek, gainera, kirola bera bezain garrantzitsua den onura bat ekartzen du; hain zuzen ere, inklusiorako eta normalizaziorako eragile gisa duen gaitasuna. BOMS edo Futbola Buruan proiektua bezalako ekimenei esker, Athleticek gaixotasuna ikusarazten du, desinformazioari aurre egiten dio, talde nortasuna ematen du eta apatia, bakardade eta gaixotasun mentala duten pertsonek dituzten beste sintoma batzuen aurkako sendagai gisa funtzionatzen du.