Fundazioak indartu egin du gizarte-eragina neurtzeko konpromisoa, eta sendotu egin du futboletik harago eraldatzeko eragile gisa duen zeregina
Athletic Club Fundazioak 24 milioi eurotik gorako Gizarte-balio Integratua lortu du 2025ean. Datu horrek erakusten du erakundeak pertsonengan eta komunitatean eragin positiboa sortzeko duen gaitasuna, kirolaren, hezkuntzaren eta gizartearen arloko programen bidez. LKS aholkularitza-enpresarekin batera egin da ebaluazioa, Kontabilitate Sozialeko metodologian oinarrituta, eta gardentasunarekiko, kontuak ematearekiko eta etengabeko hobekuntzarekiko konpromisoa indartzen du.
Garrantzitsuena den horretan ekarpena eginez
Azterketak agerian uzten du sortutako balioaren zati handi bat pertsonen ongizatearekin eta komunitatea indartzearekin zuzenean lotutako arloetan kontzentratzen dela.
Bereziki nabarmentzen dira osasunarekin, kirolarekin, ingurumenarekin eta Hitzartutako Kluben sareari emandako laguntzarekin lotutako ekimenak, Fundazioaren jardueraren oinarrizko zutabeak baitira.
Jasotako euro bakoitzeko, 3,78 euroko inpaktua sortu dugu, eta aurreko ekitaldian 3,56 eurokoa izan zen. Emaitza horiek, gainera, bilakaera positiboa erakusten dute 2024arekin alderatuta, Fundazioak bere ekintzen irismena zabaltzeko eta ingurunearentzat gero eta balio garrantzitsuagoa sortzeko duen gaitasuna agerian uzten duen hazkunde-joera sendotuz.

Zifra bakoitzaren atzean sortutako gizarte-eraginaren benetako irismena islatzen duten istorio pertsonalak daude. Hitzartutako Klubak, Osasun Mentaleko Sarea edo Athletic Club Genuine programei lotutako testigantzek Fundazioaren jarduerak kirolaren esparrua gainditzen duela eta inklusiorako, garapenerako eta laguntzarako tresna bihurtzen dela ulertzen laguntzen dute.
Horien artean, María Zeberio futbolari eta prestatzaileak futbolaren balio hezitzailea eta soziala nabarmendu du: “Futbola dena da. Hirugarren eskualdetik Lehen Federaziora edo Lehen Mailara”.
Halaber, Mikel Letxek, Osasun Mentaleko Sareko erabiltzaileak, ekimen horiek oztopoak gainditzeko eta topaketarako guneak sortzeko duten garrantzia azpimarratu du: “Fundazioko jendea etortzen denean oso positiboa da. Konturatzen dira ez garela gaizkileak, gaixoak baizik.”
Bestalde, Athletic Club Genuineko kideek, Igor Porsetek eta Eneko Apoitak, Klubak beren bizitzetan duen esanahia laburbildu dute. “Niretzat Athletic harrotasuna, emozioa eta oso ondo pasatzea da”, adierazi du Igorrek. Eneko Apoitak, berriz, gogora ekarri duenez, “txikitatik beti izan da nire ametsa Athleticen jokatzea, eta amets hori bete dut”.
Athletic Club Fundazioaren lana ezberdina dela erakusten duen beste adibide bat Irvine Welsh idazle ezagunaren testigantza da; izan ere, 2026ko Letrak eta Futbola jaialdira egindako bisitan aitortu zuenez, “benetan txundigarria da. Klubaren historiak eta filosofiak, baita komunitatearekin duen integrazioak ere, klub bakarra eta paregabe bihurtzen dute”.
Eraginaren neurketa berri honekin, Athletic Club Fundazioak balio partekatua sortzeko eta gizarte inklusiboago, osasuntsuago eta kohesionatuago baten garapenean laguntzeko duen bokazioa berretsi du. Lan horrek erakusten du Athleticen eragina futbol-zelaitik harago doala, eta pertsonak bere jardueraren erdigunean kokatzen dituela.
Futbola dena da, dena futbola ez denean.
