Galder Reguera Fundazioko Estrategia zuzendariak “Esperientzia eta jardunbide egokiak kirol-esparruetako ekitaldien kudeaketan” mahai-inguruan parte hartu du, San Mamesen egiten ari den irisgarritasunari buruzko topaketan
Kirol-inguruneetako irisgarritasunak funtsezko erronka izaten jarraitzen du desgaitasuna duten pertsonek kultura-, jolas- eta kirol-jardueretan erabateko parte-hartzea izango dutela bermatzeko.
AccesibleEU erakundeak, ASEPAU, FONCE, SuperGiz eta 3DLAN erakundeekin elkarlanean, adituak, erakunde publikoak, kirolaren arloko profesionalak, diseinatzaileak, medikuak, ingeniariak eta azken erabiltzaileak bilduko ditu San Mamesen, irailaren 24an eta 25ean, kirolean irisgarritasunaren inguruan hausnartzeko.
Esperientzia eta jardunbide egokiak kirol-esparruetako ekitaldien kudeaketan
ONCEk gonbidatuta, Galder Reguera Fundazioko Estrategia zuzendariak ‘Esperientzia eta jardunbide egokiak kirol-esparruetako ekitaldien kudeaketan’ izeneko mahai-inguruan parte hartu du. Bertan, Sonia Garcia-Fraile Fundacion ONCEko kideak moderatzaile lanak egin ditu, eta Reguerarekin batera, Atletico Madrid taldearen ordezkari Maria Castello eta musikaren industriako Jasangarritasunaren, Berdintasunaren eta Inklusioaren kudeaketan aditua den Ana Gomez izan dira.
‘Del estadio al terreno de juego’ ekitaldiaren helburuak bost dira:
- Kirol-estadioetako irisgarritasunaren egungo egoera aztertzea, aurrerapenak, erronkak eta hobekuntza-aukerak identifikatuz.
- 3D inprimaketak eta fabrikazio digitalak eskaintzen dituzten aukerak aztertzea, laguntza-produktu pertsonalizatuak garatzeko.
- Baterako sorkuntza teknologiko eta soziala sustatzea, erabiltzaileak, profesionalak eta erakundeak prozesuan inplikatuz.
- Erakundeen, administrazio publiko eta pribatuen, hezkuntza-zentroen eta desgaitasunaren arloko elkarteen arteko lankidetza bultzatzea.
- Ikuspegi medikotik pertsonen bizi-kalitatea eta kirola egiteko gaitasuna nola hobetu daitezkeen ezagutzea.
