GIH- 2030 Agendarekin konprometituta
Ekintza zehatzak burutzea, gure komunitateko pertsona guztientzat etorkizun jasangarriagoa eta parekideagoa lortzeko.
Athletic Club Fundazioak konpromisoa hartu du NBEk ezarritako GIH betetzeko: pobrezia desagerraraztea, planeta babestea eta oparotasuna bermatzea, garapen iraunkorrerako agenda berriaren barruan.
Pobrezia desagerraraztea
Inklusioa eta gaikuntza bultzatzen ditugu proiektuetako erabiltzaileak pobrezia-ziklotik aldentzeko, eta horretarako, gaitasun sozialak, pertsonalak zein hezkuntza-trebetasunak eskaintzen dizkiegu askatasunaz gabeturik dauden pertsonei, gazteei, haurrei, etxerik ez dutenei eta indarkeria testuinguruak bizi dituztenei, hartara, gizartean eta lan-munduan sartuko direla eta delinkuentzian eroriko ez direla ziurtatzeko.
Goserik ez
Beharrezko elikadura produktuak eskaintzen ditugu, eta aukerak ematen, onuradunek bizimodu osoa izan dezaten.
Osasuna eta ongizatea
Jarduera fisikoa eta ohitura osasungarriak sustatzen ditugu, gaixotasunak eta portaera kaltegarriak prebenitzeko, pertenentzia-sentimendua eta errekuperazio psikologikoa finkatzeko, pertsonen arteko harremanak hobetzeko, eta autoestimua, nork bere buruan duen konfiantza, ahalduntzea, motibazioa eta erresilientzia indartzeko.
Kalitatezko hezkuntza
Irakurzaletasuna, euskara, eta askotariko errealitateei eta GIHei loturiko gizarte-sentsibilizazioa bultzatzen ditugu. Kirolak giza garapenean zer eragin duen ikusarazten ahalegintzen gara, eta literatura, zinema eta futbola uztartzen ditugu. Hori gutxi balitz, hezkuntza arloko aukerak ematen ditugu, eskola-absentismoa murrizteko eta errendimendu akademikoa hobetzeko, errespetua, lankidetza, elkartasuna eta berdintasuna balio ardatz hartuz.
Genero-berdintasuna
Ahizpatasun-guneak sortzeaz gain, emakumeentzako aukera-berdintasuna sustatzen dugu kirolean zein zineman, bistaratze-kanpainak eginez, genero-berdintasunaren gainean kontzientziatuz, bazterkeriaren eta indarkeriaren aurka borrokatuz, baliabide-ekonomikoak eta hezkuntzakoak eskuratzea erraztuz eta emakumezko kirol-erreferenteak eskainiz.
Ur garbia eta saneamendua
Ur garbiaren eta saneamenduaren eskuragarritasun unibertsala bermatzen dugu, funtsezko baliabide hori babesteko eta komunitateen osasuna eta ongizatea hobetzeko jardunbideak bultzatuz.
Energia eskuragarria eta ez kutsagarria
Isurketak murrizteko ekintza aktiboak jartzen ditugu martxan, datozen belaunaldientzako etorkizun berdeago eta jasangarriago bat eraikitzeko.
Lan duina eta hazkunde ekonomikoa
Herritar zaurgarriei eta emakumeei lan-mundura sartzeko eta lanpostu duin bat lortzeko behar dituzten gaitasunak eskaintzen dizkiegu, bai eta ekintzailetzan murgiltzeko tresnak ere. Horretarako, beren gaitasunak lan-merkatuak eskatzen dituenekin parekatzen saiatzen gara, eta ekintzailetza, berrikuntza eta lanpostuak sustatzen ditugu.
Industria, berrikuntza eta azpiegitura
Literaturaren eta zinemaren arloan berrikuntza eta sorkuntza bultzatzen ditugu, eragin sozial handia duten gaien bidez industria horiek indartuz eta ideia berriak eta sormenezko ikuspuntuak sustatuz.
Desparekotasunak murriztea
Garapen pertsonala lortzeko, gizarteratzeko eta lan produktibo bat eskuratzeko beharrezkoa den aukera-berdintasuna bermatzen dugu. Horretarako, herritar guztiei kirolaz eta aisialdiaz gozatzeko eskubide bera ziurtatu, eta parte-hartzea, inklusioa eta gizarteko talde guztientzako aukerak sustatzen ditugu, bazterkeriarik gabe.
Hiri eta komunitate jasangarriak
Askatasunaz gabeturik daudenei eta gizarte-bazterkeria jasateko arriskua dutenei kirol-jardueretan eta -txapelketetan parte hartzeko aukera ematen diegu, eta horrela, gizarte-garapena bultzatzeaz gain aurreiritzi eta estigmen aurka borrokatzen gara. Izan ere, gure programen bidez, pertsona horien errealitatea bistaratzen dugu, eta horrela, bazterkeria murriztea eta gizarte parekide, tolerante eta segurua sustatzea lortzen dugu, espazio publikoak elkarbizitzarako eta kirolerako berreskuratuz.
Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak
Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak sustatzen ditugu, ingurumen-inpaktua gutxitzeko eta baliabideen erabilera efizientea bultzatzeko: datozen belaunaldientzat etorkizun jasangarri bat bermatzea da helburua.
Klimaren aldeko ekintza
Klima-aldaketari aurre egiteko erabakigarriak diren ekintzak sustatzen ditugu, hala nola gure karbono-isurketak murrizteko neurriak hartzea eta ingurumena babesteko jardunbide jasangarriak martxan jartzea.
Itsaspeko bizitza
Itsaspeko bizitza babesteko eta lehengoratzeko lan egiten dugu, gure ozeanoak zaintzeko eta itsaspeko ekosistemen osasuna eta biodibertsitatea bermatzeko balio duten jardunbideak sustatuz.
Lehorreko ekosistemetako bizitza
Lehorreko ekosistemetako bizitza babesteko eta lehengoratzeko lan egiten dugu, basoak era jasangarrian kudeatzea sustatuz, biodibertsitatea zainduz eta lurzoruaren narriadura saihestuz.
Bakea, justizia eta instituzio sendoak
Inklusioa, berdintasuna, tolerantzia eta taldeko lana sustatzen ditugu, gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonei behar dituzten tresnak emanez, komunitatea gizarte bakezale eta justuen beharraz kontzientziatuz, eta haurren eta gazteen aurkako indarkeriaren eta bazterkeriaren aurka borroka eginez.
Helburuak lortzeko, aliantzak
GIHak lortzeko tokian tokiko ekintza ezinbestekoa dela uste dugu; hori dela eta, aliantzak sortu ditugu instituzio publikoekin, hirugarren sektoreko enpresekin, sektore pribatuekin eta herritarrekin. Horrez gain, garrantzi handia ematen diogu GHIei eta 2030 Agendari buruzko hezkuntza eta ezagutza bultzatzeari.