Asteartean, hilak 10, BBK Aretoan, 1990eko Italiako Munduko Txapelketan Kamerungo selekzioko atezainak “Green Lions” filmaren zineforumean parte hartuko du
Thomas N’Kono, 1990eko Italiako Munduko Txapelketan liluratu zuen Kamerungo selekzio ospetsuaren atezaina, Thinking Football 2023ko gonbidatu berezietako bat da. Kamerungo eta RCD Espanyoleko atezain ohiak “Green Lions” pelikularen zineforumean parte hartuko du, datorren urriaren 10ean, 20:00etan, Sala BBK aretoan. N ‘Kono familia athleticzalearen aspaldiko ezaguna da, Espanyolen Javier Clemente, Ernesto Valverde, Santiago Urkiaga edo Carlos Melendez bezalako zuri-gorri ospetsuekin partekatu baitzuen aldagela, eta Gorka Iraizoz ere izan zuen ikasle. Thinking Football-en beti den bezala, sarrera doakoa da, baina beharrezkoa da bide digitaletik erreserbatzea HEMEN
Kamerungo selekzioa 1990eko Italiako Munduko Txapelketara iritsi zen biktimaren paperean. Hala ere, inaugurazio partidan munduko txapelduna garaitu zuen, Diego Maradonaren Argentina gainera, munduko txapelketetako historiako ezustekorik handiena izan baitzen. Munduko zale guztien erretinan betirako grabatuta geratu zen abentura baten lehen urratsa besterik ez zen izan hura. Valery Nepomnyashchiy sobietarraren gidaritzapean, Thomas N’Kono, Omam-Biyick eta Kana-Biyick anaiak, Stephen Tataw, Thomas Libih eta Roger Milla beteranoak futbolaren munduaren errespetua eta miresmena irabazi zuten munduko txapelketen historiako balentriarik ederrenetako batean. “Green Lions” DAZNek ekoiztutako dokumentala da, talde errepikaezin haren benetako istorioa kontatzen duena.