Fundazioa GGKE honekin batera ari da lanean, Jutiapako San Viator zentroan, kirola hezkuntza sisteman txertatzeko xedea duen proiektu batean
Jon Vázquez Eguskiza, Fundazioko zuzendari nagusia, Manuel Lacruzekin elkartu da duela gutxi, SERSO Honduras erakundeko arduradunetako bat. Izan ere, erakunde horrekin ari da Fundazioa lanean, bere nazioarteko proiektuetako baten baitan. Proiektuaren helburua zera da: Jutiapako San Viator zentroari laguntzea kirola hezkuntza sisteman txertatzen. Proiektua haziz doa urtez urte, eta, gaur egun, laurehun haur inguruk daukate Gorputz Hezkuntza eskolako irakasgai moduan. Ibon Oleagagoitia, Rafa Dehesa eta Esteban Feijoo ere izan dira bileran. Haiek 2018an bisitatu zuten Jutiapa, Fundazioko teknikari moduan.
Bilera lagungarria izan da beste ikastetxe batzuetako ikasleentzako ere onuragarria den proiektu sozial bat sendotzeko, SERSO Hondurasek Fundazioarekin batera garatutako hastapen programa bati esker. Inguruko herrixketako ehunka neska-mutilek parte hartzen dute programa horretan. Futbolaz gain, beste kirol modalitate batzuk praktikatzen dira, hala nola saskibaloia eta boleibola.
2014an, nesken lehenengo taldeko jokalari batzuk Hondurasera joan ziren eta Athletic Club Fundazioaren nazioarteko proiektuaren zimenduak jarri zituzten. Gerora, 2018an, Fundazioko teknikariak Jutiapara joan ziren proiektua finkatzera, eta, 2019an, Hondurasko herri horretako alkatea, Óscar Ayala, Bilbora etorri zen. Horrela, erabateko forma eman zaio adingabeen garapen integrala sustatzeko lanean kirola erabiltzen duen ekimenari.