Marinette Pichon Frantziako futbolaren aitzindariari buruzko biopic-a nagusitu da Athletic Clubeko XI. Zinema Jaialdian
Frantziako futbolaren aitzindari handiari buruzko ‘Marinette’ biopic filmak, Virginie Verrierek zuzendua, Thinking Football Film Festival jaialdiko 2023ko Publikoaren Saria irabazi du. Filmak, ‘Ne jamais rien lâcher’ (Inoiz ez amore eman) autobiografian oinarritua, futbolari bikain honen unerik aipagarrienak erakusten ditu, haurtzaro gogorretik (aita alkoholikoa eta tratu txarrak ematen zituena) erretiratzeraino, futbolaren mito bihurtua.
Frantziako selekzioarekin 81 gol sartu zituen 112 partidatan eta, Saint-Memmie Olympique taldean aritu ondoren, WUSA liga amerikarrean arrakasta lortu zuen New Jersey eta Philadelphia Chargers taldeetan.
Gaur egun, Marinette Pichonek 47 urte ditu eta kirolean emakumeen eskubideen aldeko borrokaren ikurra da. Virginie Verrier zuzendariak filmaren proiekzioaren ondorengo solasaldian adierazi zuen bezala, Marinetteren borroka “itxaropena igortzen duen istorioa da”.
Zalantzarik gabe, Thinking-era bertaratuek filmean planteatu diren gaien kopurua baloratu dute, pertsonaia protagonistaz haratago doazenak eta gizarte osoari dagozkionak. “Inoiz baino gaurkotasun handiagoa duten gai garaikideak: berdintasuna kirolean, sexu-aniztasuna, sororitatea, genero-indarkeria…”, gogorarazi du zuzendari frantziarrak.
Thinking Football Publikoaren Sariak 2.500 € ematen dizkio film irabazleari, eta kopuru hori pelikulako egileek aukeratutako gizarte-proiektu baterako erabili behar da. Era berean, film irabazleari ematen zaion garaikurrak baloi bat beso batez eta, bestearekin, liburu multzo bat hartzen duen emakume futbolari baten irudia birsortzen du.
Futbola eta kultura, eskutik.