Jaialdiak “Futbola eta euskara” dokumentala eskaini zuen, eta mito zuri-gorriak Ainhoa Tirapu, Jon Maia eta Patxi Gaztelumendirekin hitz egin zuen, Thinking, Letrak eta Futbola jardunaldiaren hirugarren egunean
Jose Anjel Iribar, Txopo mitikoa, Athletic Club Fundazioak antolatutako Thinking, Letrak eta Futbola jaialdiaren hirugarren eguneko protagonista izan da. Eszenatokian Ainhoa Tirapu atezain mitikoak eta Jon Maia bertsolariak lagunduta, Iribarrek “Futbola eta euskara” dokumentalaren jatorria ekarri du gogora. Txopok bere omenaldian bildutako dirua euskararen sustapenari eskaini zion 1980ko maiatzaren 30ean Athletic Cluben eta Errealaren artean ospatutako partidan. Besteak beste, Iribarren ekarpenari esker, ‘Mendia eta euskara’, ‘Arrauna eta euskara’ eta ‘Futbola eta euskara’ Antxon Ezeiza zinema zuzendariaren film laburrak eman ziren ezagutzera. Berrogei urte beranduago, jaialdiak euskal filmotekaren harribitxi historiko hau eskaini du.
Bere omenezko egun hartan, Iribar San Mameseko zelai erdian kokatu zen eta, mikrofonoa eskuan, honako hau esan zuen: “Eskerrak danori, eta konturatu gaitezen, gaur, euskerak irabazi duela partidua”. Atzo, Patxi Gaztelumendik une hari buruz galdetu zionean, Iribarrek aitortu zuen oraindik ere euskararen partida jokatzen ari dela, euskara gizarteko esparru guztietara iristeko egin behar den guztia aipatuz. Ildo beretik jo zuen Jon Maiak ere, eta azpimarratu zuen, zalantzarik gabe, asko aurreratu dugula azken 40 urteotan, asko, baina oraindik asko dagoela egiteko. Bestalde, Ainhoa Tirapuk adierazi zuen sare sozialekin komunikatzeko nolabaiteko ausardia galdu dela, hutsegiteren bat egiteko beldurrez. Horren harira, futbolariek babestuta sentitu behar dutela adierazi zuen, bestela euskarak ez baitu sare sozialetan aurrera egingo.