Fundazioak, Bakuva eta Lurgaiarekin batera, haziak biltzeko jardunaldi bat antolatu du Urkiolan, CO2 konpentsazio proiektuan erabiltzeko
Hainbat erakunderen arteko lankidetza Fundazioak garatutako lanaren zutabe estrategikoetako bat da. Helburua da parte-hartzaile guztientzat onuragarriak izango diren eta, aldi berean, gizarte hobea eraikitzen lagunduko duten sinergiak erraztuko dituzten ekimenak eta jarduerak sustatzea.
Gizartean baztertuta geratzeko arriskuan dauden adingabeei zuzendutako Bakuva Proiektuaren denboraldiaren amaiera dela eta, Athletic Club Fundazioak jarduera horietako bat antolatu du, gizarteratzea eta jasangarritasuna uztartzeko, Fundazioaren arlo estrategikoetako bi, hain zuzen. Horrela, Bakuva Elkarteko hogei haur inguru Urkiola mendira joan dira txangoan eta irteera aprobetxatu dute CO2 Konpentsazio proiekturako haziak biltzeko. Proiektu hau Lurgaia Fundazioarekin batera garatu da, eta denboraldi bakoitzean Athletic Clubeko taldeen joan-etorriek eragindako karbono-aztarna indargabetzen du, Urdaibaiko Biosfera Erreserban aukeratutako eremuetan zuhaitz autoktonoak landatuz.
Lurgaiako eta Fundazioko teknikariek aginduta eta gainbegiratuta, Bakuvako haurrek mendirako txangoa egin dute, inguruko bi zuhaitz autoktonoren haziak ezagutzen ikasi duten bitartean: Sorbus aucuparia (otsalizarra) eta Betula celtiberíca (urkia). Ondoren, Lurgaia Fundazioak hazi horiek erabiliko ditu Urdaibaiko Biosfera Erreserba basoberritzeko.
Hain zuzen ere, joan den apirilean Fundazioak jarduera bat antolatu zuen Ernesto Valverdek parte hartu zuen CO2 konpentsazio proiektuaren beraren barruan. Athletic Clubeko egungo entrenatzailearekin, Adsis Fundazioaren Bestalde Programaren erabiltzaileekin (askatasunaz gabetutakoei eta askatasunaz gabetuta egondakoei zuzendua), Osakidetzaren BOMS Proiektuaren erabiltzaileekin (gaixotasun mentalak dituzten pertsonak zeharka eta modu integratuan artatzen dituena) eta Sortarazi Proiektuaren erabiltzaileekin (Bizkaian baztertuta dauden edo baztertuta egoteko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzearen alde lan egiten duen elkarte klaretarra, beren gaitasunen garapen integralaren bidez) batera, berrehun zuhaitz baino gehiago landatu zituzten. Guztion onerako sinergiak.