Athletic Club Fundazioak irakurketa sustatzeko kanpainaren edizio berri bat aurkeztu du:
irakurLE-ON
Athletic Club Fundazioaren irakurLE-ON irakurketa sustatzeko 2020/21 kanpaina berria martxan da. Maite Gurrutxaga, Jordi Lafebre eta David de las Heras ilustratzaileek hiru poster handi egin dituzte kanpaina zabaltzeko. Bizkaiko ikastetxe eta futbol klubetan doan banatuko dira. Athletic Cluben balioetako bat irakurketa sustatzea da, eta ilustratzaileetako bakoitzak libreki garatu du ideia hori, kirolarien irudiarekin lotuta eta sozializazioa bultzatzeko tresna gisa.
Maite Gurrutxagak txikienei zuzendutako poster bat aurkeztu du. Lehoi talde bat ageri da, lasai irakurtzen. Jordi Lafebreren ilustrazioa ere txikienei zuzenduta dago. Abentura eta jolasarekin lotzen da irakurketa. Horretarako, lehoi eme bat irudikatu da San Mamesen korrika, “Altxorraren Uhartea” liburuaren ale batekin, haur talde batekin batera. Azkenik, David de las Heras marrazkilariak nerabeei zuzendutako irudi bat aurkeztu du: Iñaki Williamsen irudi hiperrealista bat da. Óscar de Marcosen “Togo” liburua irakurtzen agertzen da, pantera bat eta lehoi bat alde banatan dituela.
Guztira zortzi mila poster editatu dira eta doan bidaliko zaizkie aurreko urteetan kanpainarekin bat egin duten ikastetxe eta futbol-klubei, baita [email protected] posta elektronikora idatzita hala eskatzen duten ikastetxeei ere.
Irakurketa sustatzeko irakurLE-ON kanpaina Letrak eta Futbola literatur jaialdiarekin lotuta dago, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Kultura eta Kirol Ministerioaren lankidetza izan du.