Athletic Club Fundazioaren zinema eta futbol jaialdia Gianluca Vialli eta Roberto Manciniren Sampdoriari buruzko ‘La bella stagione’ pelikula italiarrarekin estreinatu da
Fundazioak antolatutako Thinking Football Film Festival zinemaldiaren XI. edizioa gaur arratsaldean inauguratu da, ‘La bella stagione’ film italiarraren proiekzioarekin. Nerea Ortiz Athletic Clubeko presidenteordeak hasiera eman dio jaialdiari, Sala BBK aretoa gainezka egon den publikoari ongietorria eginez. Bere hitzaldian, presidenteordeak Fundazioaren kultur proiektuaren garrantzia azpimarratu duenez, kultura “gizartea hobetzeko beharrezko tresna eraldatzailea da. Kultura, komunitatea eta gizarteratzea dira Fundazioak garatutako lana egituratzen duten hiru ardatzak”.
Ondoren, Gorka Martinezek, BBK Fundazioaren izenean, 2022ko Publikoaren Saria eman dio Ronnie Sandhal-i, ‘Tigrar’ film irabazlearen zuzendariari. Martin Bengtsson futbolari ohiaren istorioa kontatzen duen filma da, eta Bengtsson bera ere aretoan egon da. Hain zuzen ere, zuzendaria eta jokalari ohia protagonistak izan dira goizean Lezamako ikastetxeei eta teknikariei zuzendutako thinking ekimenaren emanaldi berezian. Proiekzioaren ondorengo solasaldian, nerabezaroa eta osasun mentala ardatz hartuta, Martin Bentgssonek eta Ronnie Sandhalek Ategorri, Amorebieta eta Romoko institutuetako eta Lauro ikastolako ikasleek egindako galderei erantzun diete.
Galder Reguerak, Thinking Football Film Festivaleko zuzendariak, ‘La bella stagione’ filmaren proiekzioari bide eman dio, baina aurretik proiekzioaren ondorengo zineforumeko gonbidatuak aurkeztu ditu. Filippo Riccik zuzendutako solasaldi interesgarrian, Marco Ponti filmaren zuzendariak, Leonardo Godano ekoizleak eta Ivano Bonetti Sampdoria mitikoaren jokalari ohiak hartu dute parte.
Inaugurazio-saio honetan izan dira, Athletic Cluben eta Fundazioaren izenean, Nerea Ortiz, Igor San Román, Egoitz Begoña, Jose Angel Iribar, Pablo Otaolea eta Jon Recacoechea; BBK Fundazioaren aldetik Gorka Martínez eta Koldo Bilbao; Bilboko Udalaren aldetik, Marcos Muro; baita beste pertsona ospetsu batzuk ere, hala nola Grupo Tecmanen ordezkari Jorge Gómez; eta Rubén Rodríguez, Hotel Meliaren izenean.
Asteartean, ‘I believe in miracles’ eta ‘Green lions’, Thomas N ‘Kono-rekin
Thinking jaialdiak zine eta futbol saio bikoitz interesgarriarekin jarraituko du asteartean. 18 00etan, jaialdiak ‘Thinking Football Bitxiak’ izeneko saila estreinatuko du. Bertan, Jonny Owenen ‘I believe in miracles’ filma berreskuratuko da. Brian Cloughen Nottingham Forest mitikoaren istorioa kontatzen duen filma da. Oraindik doan erreserba daitezkeen sarrera gutxi batzuk daude HEMEN
Eta 20:00etan, Billy Dosanjhek zuzendutako ‘Green Lions’ film britainiarraren txanda izango da. DAZNk ekoitzitako dokumental honek Kamerungo selekzioak 1990eko Italiako Munduko Txapelketan izan zuen arrakasta islatzen du. Gonbidatuen artean, Thomas N‘Kono, Kamerun ahaztezin hartako atezaina, egongo da. Sarrera doakoa da, baina beharrezkoa da digitalki erreserbatzea HEMEN