Fundazioak eta UPV/EHUk elkarrekin sorturiko aditu-tituluaren bigarren promozioak atzo ekin zion 2021/22 ikasturte akademikoari
Athletic Club Fundazioko eta UPV/EHUko ordezkariek «Kirola, Hezkuntza eta Bizikidetza: haur eta nerabeen babesa» graduondoko ikasturtearen bigarren promozioa inauguratu zuten atzo, Bilboko Hezkuntza Fakultateko Juliana Agirrezabala aretoan.
Mari Mar Boillos irakasleak eta Asier Romero Bilboko Hezkuntza Fakultateko dekanoak aurkezpena eta hasierako agurra egin ondoren, honako hauek parte hartu zuten inaugurazio-ekitaldian: Gontzal Suances, Athletic Club Fundazioko ordezkaria; Miren Irune Muguruza, Familia eta Haurtzaro saileko Zuzendaria, Marcos Muro, Bilbao Kirolak institutuko gerentea; Laura Mintegi, UPV/EHUko irakaslea eta Fundazioaren Patronatuko ordezkaria; Mari Mar Boillos eta Israel Alonso, UPV/EHUko irakasleak; eta, azkenik, Iñaki Alonso, Athletic Cluben Haurtzaroa Babesteko Arloko Aterpe Programako arduraduna. Halaber, inaugurazio ekitaldian Jon Vazquez Eguskiza, Athletic Club Fundazioko zuzendari nagusia izan zen.
Lehen edizioaren arrakastaren ondoren, 24 ikasleko bigarren promozioarekin ekin zaio ikasturte berriari eta eskainitako guztiak bete dituzte. Athletic Club Fundazioaren eta UPV/EHUren unibertsitate-graduondokoak goranzko joera ageri du lanaren ikuspuntutik, joan den maiatzaren 20an Gorte Nagusiek Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Babesteko Lege Organikoa onartu ondotik. Lege horrek kirolari buruzko kapitulu bat du oso-osorik, eta, haren arabera, kirol-klubek haurrak babesteko politika bat eta ordezkari bat izan behar dituzte, eta kirol-langileek gutxieneko prestakuntza izan behar dute arlo horretan.