Martxoaren 28an eta 29an egingo den oinarrizko futbolaren festarako hilabete falta denean, izena eman duten 100 klubek zozketetako txartelak saltzen hasi dira. Jokoan, bidaia lehoiekin kanpoko partida batean, sarrera bikoitza Players Zone VIP San Mameseko partida baterako, Meet & Greet bat Lezaman emakumezko lehen taldearekin eta 200 sarrera Katedraleko norgehiagoka baterako
#DenaHastenDenLekuan lelopean, hilabete falta da martxoaren 28an eta 29an IV. Euskal Non-League Day ospatzeko, Athletic Club Fundazioak antolaturiko oinarrizko futbolaren aldeko urteroko jaia.
Hitzartutako 100 klubek eman dute izena edizio berri honetan, dagozkien loteak jaso dituzte eta zozketen txartelak saltzen hasi dira.
Txartel bakoitzak 3 € balio du eta bi zozketatan parte hartuko du: IV. Euskal Non-League Day egunean zelai bakoitzean egingo den zozketa batean, eta kluben arteko zozketa orokor beste batean, Athleticek martxoaren 30ean egingo duena, oinarrizko futbolaren jaia amaitu ondoren.
Zozketa orokorrean irabazle suertatzen diren klubek beste zozketa gehigarri bat antolatu ahal izango dute dagokion saria banatzeko, hala uste badute.
Bildutako diru guztia osoa izango da klub bakoitzarentzat.

Tokiko-zozketa: San Mameserako bi sarrera zelai bakoitzean
Tokiko-zozketa bakoitzak bi sarrera banatuko ditu sari gisa San Mamesen jokatuko den LaLigako partida baterako. Hau da, hitzartutako 100 klubek parte hartuko dutenez, 200 sarrera banatuko dira zozketa partikular horietan.
Lehen saria: Bidaia gizonezkoen lehen taldearekin kanpoko partida batera
Lehen sari orokorra zera da: sarrera bikoitza, bidaia eta bi lagunentzako egonaldia, gizonezkoen lehen taldearekin batera, LaLigako kanpoko partida batean. Parte hartzen duten hitzartutako klub guztien artean lehen sari orokorra zozketatuko da.
Bigarren saria: Players Zone VIP-erako sarrera bikoitza
Bigarren sari nagusia Players Zone VIPerako sarrera bikoitza da, LaLigako partida batean, San Mamesen. Taldeen aulkien ondoan dauden VIP eserlekuak eta estadioko VIP eraztunerako sarbidea hartzen ditu barne, partida hasi baino ordu eta erdi lehenagotik. Parte hartzen duten hitzartutako kluben artean bigarren sari orokorra zozketatuko da.
Hirugarren saria: Meet & Greet bikoitza Lezaman emakumezkoen jokalariekin
Bi lagunentzako txartela emakumezkoen lehen taldearen entrenamendu batera joateko eta bisita esklusiboa Lezamako instalazioetara. Parte hartzen duten hitzartutakoen kluben artean zozketatuko da hirugarren sari orokorra.
Parte hartu nahi duten klubek otsailaren 16ra arteko epea izango dute Euskal Non-League Day jaialdiaren laugarren edizio honetan parte hartzeko.