Gijónen jokatuko du Athletic Club Fundazioak denboraldiaren lehen fasea, asteburu honetan, eta Lezaman amaituko du, ekaineko lehen astean
Gijóngo Mareoko Futbol Eskolan jokatuko du gure Genuine taldeak, Athletic Club Fundazioak, LaLiga Genuineko laugarren denboraldi hasi berriaren lehen fasea. Gaur goizean abiatu dira jokalariak Asturias aldera, autobusez, gogoz beterik eta gainerako taldeekin batera berriro futbolaz gozatzeko ilusioz. Txapelketa berrian parte hartuko duten 42 taldeetatik, Grupo Respeto deritzon taldea suertatu zaio Athletic Genuineri, beste hauekin batera: Gijóngo Real Sporting, CA Osasuna, Deportivo Alavés, SD Ponferradina, Real ValladoliDi, Real Zaragoza, CD Lugo, Burgos CF eta UD Ibiza.
Hiru fase ditu LaLiga Genuinek, eta bost zelai desberdinetan jokatuko dira partidak. 2022ko LaLiga Genuineren azken fasea —parte hartzen duten talde guztiak zelai berean biltzen dituen bakarra— Lezaman jokatuko da, eta Athletic Club izango da talde anfitrioia.
Estreinaldia, CD Lugoren aurka
Lehiaketaren lehen fase honetan, larunbateko goizeko 10:00etan jokatuko du lehen partida Athletic Genuinek, CD Lugoren aurka. Bikaina estreinaldia! Arratsaldeko 16:00etan, berriz, Real ValladolidDi izango du aurkaria; igande goizeko 10:00etan, azkenik, derbia jokatuko du, CA Osasunaren aurka.
Aldez aurretik —gaur, ostirala, arratsaldeko 20:00etatik aurrera—, festa-giroan elkartuko dira parte-hartzaile guztiak, LaLiga Genuineko gainerako taldeetako lagunekin berriro elkartzeko aukera ospatuz.