2021/22 denboraldiaren amaierak, Athletic Club anfitrioi izan denak, Lezama festa bihurtu du eta Fundazioaren taldea txapeldun izendatu du
Athletic Clubek eta bere Fundazioak erronka handia zuten asteburu honetan: 2021/22 denboraldiko azken fasea jasotzea. Larunbata eta igandea bitartean 63 partida jokatu behar ziren Lezamako zelaietan. 42 klub ari ziren jokatzen, milaka pertsona biltzen zituen ekitaldi batean, futbolariak, teknikariak, langileak eta ikusleak barne. Jasotako zorionak eta eskerrak ikusita, ekitaldia arrakastatsua izan da, eta bai Liga eta bai klub parte-hartzaileak oso pozik joan dira Bilbotik.
Baina, zalantzarik gabe, dena borobil atera izanaren benetako egileak LaLiga Genuineko jokalariak izan dira, eta, horien guztien artean, aipamen berezia merezi dute lehoi zuri-gorriek, entrenatzaileak barne, eta Peña Genuineko Athleticzale zoragarriek. Ostiraletik igandera eskaini duten ikuskizuna ahaztezina izan da. Oparitu duten alaitasunak ez du preziorik. Harmailetatik zelaira eta zelaitik harmailetara, klub eta fundazio bereko kide izatearen zentzua argi propioz distiratu da.
Laugarren Fair Play jarraian eta Esteban Feijooren agurra
Asteburu osoa une berezi eta hunkigarriez beteta egon da. Lezamara iristean taldeei egindako harrerak izan ziren harmailetako festaren atarikorik onena. Klub eta zaletasunen arteko anaitasunak besarkada, animo oihu, txalo eta ongietorri-korridore ugari zekartzan. Golen ospakizuna bat-bateko urtebetetze-jaiak ziren. San Mameseko afaria, DJ eta guzti, agertoki paregabeko guateke perfektua bihurtu zen. Carles Puyolen, Iraia Iturregiren, Jesus Vidal aktorearen edo Andoni Goikoetxearen bisitek garrantzi berezia ematen zioten ekitaldiari…
Baina horren guztiaren gainetik, bi gertaera nabarmendu ziren, transmititzen zuten zirraragatik.
Alde batetik, Esteban Feijoo Athletic Club Fundazioko teknikariaren agurra. Entrenatzaileak bertaratutako guztien errekonozimendua eta maitasuna jaso zuen, Legend hitza idatzita zuen koadro baten opariarekin.
Bestetik, laugarren Fair Play garaikurra. Athletic Club Fundazioa, aurten ere, kiroltasunaren sailkapenaren buruan. Saria jasotzen ari diren futbolarien poza familien harrotasunarekin bakarrik konpara daiteke, haien seme-alabak Athletic Cluben balioak hain gaitasun handiz ordezkatzen ikusi ondoren.