Athletic Club Fundazioak Onintza Enbeita eta Andoni Egaña bertsolariekin San Mamesen grabatutako bi bideo argitaratu ditu
Athletic Club Fundazioak Bertsoderbiaren edizio berri bat antolatu du, 2012tik ospatzen ari den bertsolari zuri-gorrien eta txuri-urdinen topaketa. Pandemiaren ondorioz saioa jendartean antolatzea ezinezkoa zenez, Fundazioak bi bideo grabatu ditu Onintza Enbeita eta Andoni Egaña bertsolariekin.
Lehenengoan, partidaren bezperan argitaratua, bertsolariek San Mameseko erdigunetik hutsik dagoen harmailari abesten diote, bertsoak zaleei eskaintzeko. Bigarrenean, hasierako txistuaren aurretik bideomarkagailuan proiektatuta, Enbeitak eta Egañak jokalariengana jotzen dute zuzenean. Hauek dira bi bideoetan kantatutako bertsoak.
Lehenengo bideoko bertsoak
Onintza Enbeita:
Ixiltasuna airean eta tentzioa belarretan
Alkarrengana urreratzea debekatu dan honetan
Pasinoari eutsi daiogun barruan baina benetan
Elkar ikusi daigun izerdi eta baloi kolpeetan
Gure arnasa igarri daiten ohiuka aulki hutsetan
Ohiuka aulki hutsetan.
Andoni Egaña:
Hamaika hamaikan kontra ta lau ertz
Bi area eta bi ate
Ez al litezke kolore batzuk
Sakon sakonean maite
Nahiz eta aurten zalegoa den armaiatatik aparte
Herrian zati degu taldea, taldea herriko parte
Beraz jolasak segi dezala eguzkia joan arte)
Bigarren bideoko bertsoak
22 lagun prest zelaia belarra, zelaia belarra
Baina azken emaitza bat eta bakarra
Aupa txuriurdinak! Grina ta indarra
Gora zurigorriak! Zuena bai garra
Bi taldeek daukagu elkarren beharra