Athletic Club Fundazioaren Marca Terreno proiektua erakusketaren parte izango da. Erakusketa urriaren 29an, ostegunean, inauguratuko da, Basque Dok Festival 2026 jaialdiaren barruan
Athletic Club Fundazioak sustatu eta Bakuva Fundazioarekin batera garatzen duen Marca Terreno / Zelaia Irabazi proiektuko Bakuva taldeko jokalariak izango dira ‘Goals for Hope’ erakusketako protagonistak. Argazkigintzaren eta ikus-entzunezkoen bidez, haien istorioak, sustraiak eta ametsak ezagutarazten ditu erakusketak. Hakawatifilm ekoiztetxeko Ofelia de Pablo eta Javier Zurita dokumentalistek bultzatutako erakusketa ostegun honetan, urriaren 29an, inauguratuko da, 17:00etan, Bilboko Begirari plazan.
Jokalarien istorioen bidez, ‘Goals for Hope’ erakusketak erakusten du futbolak zelaia gainditzen duela, eta inklusiorako, elkarbizitzarako eta garapen pertsonalerako tresna bihurtzen dela. Ikuspegi horrek bat egiten du Athletic Club Fundazioak kirolaren bidez aukerak sortzeko duen konpromisoarekin. Erakusketa azaroaren 13ra arte egongo da ikusgai, eta Basque Dok Festival jaialdiaren VII. edizioko eta Athletic Club Fundazioak azaroaren 9tik 14ra antolatutako Thinking Football – Film Festival jaialdiko egitarauaren parte izango da.
Protagonistek hartuko dute kamera
‘Goals for Hope’ erakusketak jatorri askotariko pertsonen istorioak kontatzeko beste modu bat proposatzen du: beste batzuek erretratatuak izan beharrean, protagonistak eurak dira zer kontatu nahi duten eta nola erakutsi nahi duten erabakitzen dutenak. Haien familia-istorioek Bilbo Kolonbia, Venezuela, Maroko, Nigeria, Nikaragua eta Costa Rica bezalako herrialdeekin lotzen dute. Hala, argazkien eta lekukotasunen bidez, jokalariek beren sustraiak, ametsak eta futbolean entzunak, lagunduak eta onartuak sentitzeko espazio bat aurkitzearen esanahia partekatzen dituzte.
Inaugurazioan, jokalariek eurek gidatutako bisita egingo da, eta 17:45ean mahai-inguru irekia egingo da publikoarentzat, Bizkaia Aretoako Baroja aretoan. Bertan parte hartuko dute Ofelia de Pablo eta Javier Zurita dokumentalistek, Athletic Club Fundazioko Galder Reguerak eta Taide Arteta Esnalek, ikertzaile eta Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiko Komunikazio arduradunak.
Guztiontzako espazioa
Marca Terreno / Zelaia Irabazi proiektua jatorri askotariko Bilboko neska eta nerabeei zuzenduta dago. Horietako asko hemen jaioak dira, baina beste herrialde batzuetan dituzte familia-sustraiak. Proiektuaren helburua da jolasteko, lagunak egiteko, hazteko eta talde bateko kide sentitzeko espazio bat eskaintzea. Bakuva Fundazioarekin batera garatzen da proiektua; bi erakundeek 2013tik dihardute elkarlanean. Horregatik, programak Marca Terreno izena duen arren, parte-hartzaileek Bakuva izenarekin lehiatzen dira.
Kirol-emaitzez harago, proiektuak loturak sendotzeko, norberarenganako konfiantza indartzeko eta taldean guztiek dutela beren lekua ohartzeko aukera eskaini nahi du. Horrela, futbola esperientzia, kultura eta jatorri desberdinak dituzten pertsonen arteko topagune bihurtzen da, eta zelaitik kanpoko errealitateak hobeto ulertzen laguntzen du.
Futbola dena delako, dena futbola ez denean.