Fundazioko bi taldeek larunbatean jokatuko dute Malagan ospatuko den txapelketa hau
Athletic Club Fundazioaren Walking Football-eko bi taldeek datorren larunbatean Malaga WFC eta Torrox Tornadoes WFC taldeek antolatutako Iberian Challenge Cup txapelketan parte hartuko dute. Egun berezia da, egun horretan, otsailaren 26an, Fundazioak 20 urte beteko baititu ofizialki. Txapelketa Torroxeko (Malaga) San Roke estadioan jokatuko da eta Fundazioak Walking Football-eko bere bi taldeekin parte hartuko du.
Walking footballa 2018/19 denboraldian hasi zen ezagutzen Euskal Herrian, Athletic Club Fundazioaren bidez. Kirol modalitate hori orain dela hamar urte sortu zen Erresuma Batuan, 50 urtetik gorako gizon askok ariketarik ez zutela egiten edota isolatuta bizi zirela ikusirik, eta arazo horiei aurre egiteko. Athletic Walking Football-eko taldeek antzeko txapelketa bat jokatu zuten Portugalen 2021eko urrian.