Athletic Club Fundazioko lau ordezkarik, Igor Arenaza eta Eli Ibarra entrenatzaileek, eta Hodei Barandalla eta Iratxe Lobato futbolariek jaso zuten atzo “Somos Diferentes” Peñak urtero ematen duen golardoa, Genuineko plantilla osoaren izenean. Sari hori zurigorrien balioak eta filosofia ondoen ordezkatzen dituzten pertsona edo kolektiboei ematen zaie. Ibaiganen egin zen saria banatzeko ekitaldi xumean, Genuineko ordezkariek Fundazioko zuzendari nagusi Jon Vázquez Eguskiza izan zuten lagun. Nahiz eta ekitaldia osasun-protokolora egokitu behar izan zuten, oso zirraragarria izan zen sarituentzat.
“Somos Diferentes” Peña bilbotarra Madrilen bizi diren Athleticeko zaleek osatua dago. Igaro den denboraldian, Fundazioaren parte izatera pasatu zen modu ofizialean, eta hori lortu duen lehenengo Peña zurigorria da. Genuineren taldeari emandako saria Athletic Club Fundazioak garatzen dituen gizarte-, kultura-, ingurumen-, kirol- eta prestakuntza-proiektuek jasotako beste aintzatespen bat ere bada. “Somos Diferentes” Peñaren sortzaile Sergio Aranaren hitzetan, “Genuineren talde osoak merezi du leku bat Gurpeguiren, Guerreroren, De Marcosen eta Iraolaren ondoan, zurigorrien balioak ezin hobeki ordezkatzen baititu.”
Horrez gain, azpimarratzekoa da “Somos diferentes”-ek onlineko denda bat duela https://20somosdiferentes.com/ webgunean, beraiek diseinaturiko produktu-sorta zabala merkaturatzeko. Irabaziak Fundazioarentzat dira.