Datorren ostegunean, hilak 22, Fundazioko taldeak Europako EFDN ligako bigarren txapelketa jokatuko du, Bredako txapelketan azpitxapelduna izan ondoren
Athletic Club Fundazioa Europan lehiatuko da berriro datorren ostegunean, irailaren 22an, Leverkusenen jokatuko den EFDN (European Football for Development Network) ligako bigarren txapelketan. Maiatzaren 31n Bredan (Herbehereak) jokatu zen nazioarteko lehen txapelketan Athletic Walking Football izan zen bigarren, finalean Schalke 04 talde alemaniarraren aurka galdu ondoren. Europako liga honetako partaideak futboleko klub profesionalen atal amateurrak dira, hala nola, Rangers Charity Foundation, Club Brugge, Bayer 04 Leverkusen, Borussia Dortmund, Newcastle United Foundation (Athleticen lehen lau aurkariak B Multzoan), Ferencváros Budapest, Fundação Benfica, Real Betis Balompié, FC Schalke 04, Morton in the Community, Ado den Haag, Foundation 92, Valerenga, Eintracht Frankfurt, Motherwell FC eta PSV Eindhoven taldeak. Ondorioz, Europako klub garrantzitsuenetako batzuek parte hartzen duten lehen mailako txapelketa da.
Walking Football futbolaren antzeko kirola da, baina badu berezitasun bat: oinez jokatzen da, neurri txikiko jokalekuan, eta baloia ezin da buruarekin jo, eta horrek ezin du altuera jakin bat gainditu (metro bat inguru). Gainera, 50 urtetik gorakoek bakarrik egin dezakete modu ofizialean. EFDNko ligan 6 jokalarik eta 4 ordezkarik osatzen dute taldea eta atezainik gabe jokatzen da, metro bateko altuera eta 3ko zabalera duten ateekin.
Proiektu finkatua
Fundazioa aitzindaria da kirol-modalitate hori sustatzen, eta bere lehen helburua 50 urtetik gorako pertsonei kirola egiteko eta futbolean gozatzen jarraitzeko aukera eskaintzea da. Azken batean, beste era batera jokatzen da futbolean, oinez, ahal den neurrian lesio-arriskua saihesteko. Lehen helburu zehatz horrekin batera, badira Fundazioaren gainerako gizarte-proiektuetarako komunak diren beste helburu batzuk ere.
Walking Football proiektua 2018/19 denboraldian sortu zen eta, gaur egun, proiektu finkatua da, Lezaman entrenamenduekin astearte eta ostiraletan eta 60 erabiltzaile ingururekin.
Fundazioak antolatzen dituen eta Athletic Clubeko teknikariek zuzentzen dituzten entrenamendu-saioek kirol-jardueratik haratago doazen zenbait onura ekartzen dituzte. Fundazioak espazio bat eraikitzen eta denbora partekatuz gozatzen laguntzen du, talde bateko kide izatearen zentzua indartuz, eta pertsonak Athletic Club bezalako identitate garrantzitsu eta baloratu baten parte senti daitezen lagunduz.