“Destino Confidencial: Campeonas” dokumentalak emakumezkoen futbolaren aitzindarien garrantzi soziala gogorarazten du
“Destino Confidencial: Campeonas” dokumentalari esker, Thinking Footballeko laugarren jardunaldiak istorio gogoangarri bat berreskuratu zuen ahanzturatik: 1971ko Munduko Futbol Txapelketan txapeldunorde geratu zen Mexikoko emakumezkoen selekzioarena. Emakumezkoen futbolaren aurrerabidea beti egongo da zorretan Alicia Vargas bezalako emakumeekin, filmeko protagonistetako bat eta ondorengo zineforumean parte hartu zuena, filmeko zuzendariekin batera, Martin eta Damian Ainstein, eta Garazi Muruarekin lehen taldeko kapitaina. Cris Garciak moderatu zuen solasaldia.
Alicia “Pelé” Vargas garai guztietako jokalari onenetako bat da. Golegile nagusia izan zen 1970ean Italian jokatu zen lehen Munduko Futbol Txapelketan, eta txapeldunorde hurrengo urteko Munduko Txapelketan, 1971n, Mexikon. Finalean 110.000 ikusle izan ziren. Errekor bat… laster ahaztu zena.
Denborak ematen duen perspektibarekin baloratuta, Alicia Vargasen eta berak ordezkatzen dituen emakume guztien meritua izugarria da, kalkulaezina. Ez bakarrik futbolean jokatzeko ametsean jarraitu zutelako eta kirol honen aitzindariak izan zirelako, baizik eta, batez ere, egoera guztiz etsaikorrean aritu zirelako. Matxismoaren aurkakotasuna itzela izan zen. Baina, aldi batez behintzat, oztopo guztiak gainditu zituzten: isekak, debekuak, prekarietatea, mespretxua eta baita indarkeria fisikoa ere.
Zentzu horretan, Garazi Muruak Alicia Vargasi eskaini zizkion esker oneko hitzak, solasaldiko lehen hitzaldian, zehatzak bezain zirraragarriak izan ziren, eta publikoak hala ulertu zuen, Athletic Clubeko kapitaina eta, nola ez, Alicia Vargas bera txalotuz.
Filma proiektatu aurretik, goizean, Alicia Vargasek, Edith Chapinekin batera (“Nadia” filmaren gidoilaria), emakumezkoen lehen taldea bisitatu zuen Lezamako instalazioetan. Entrenamenduaren ostean, jokalari guztiekin hitz egin zuen, eta Jose Angel Iribar Athletic Clubeko mito handia aurrez aurre ezagutzeko aukera ere izan zuen.
Gaur atsedena eta asteburuan azken txanpa
Gaur Thinking-ak atseden hartzen du asteburuan indar handiagoz itzultzeko.
Larunbataren lehen sasoia 18:00etan hasiko da saritutako bi film-laburrekin: “Tala’vision”, eta “Steh auf du sau!”.
Thinking jaialdiaren proiekzio nabarmenetako bat, zalantzarik gabe, larunbat arratsaldeko 20:00etan izango da. Ronnie Sandahlek zuzenduta, Martin Bengtsson Milango Interreko haur miragarriaren istorioa kontatzen du. Gainera, Martin Bengtsson filmaren protagonista proiekzioaren ondorengo solasaldian izango da.
Iganderako, beste bi sasoi. 18: 00etan, “Centoventi contro Novecento”, Pier Paolo Pasolini Bernardo Bertolucciren contra.
Amaitzeko, 20: 00etatik aurrera, Juanjo Gimenez zine-zuzendariari eskainitako saio berezia. Solasaldiaren aurretik, futbolari buruzko bere laburmetraiak proiektatuko dira: «Libre Indirecto», «Maxima pena», «Rodilla» eta «Ascenso».
Informazio guztia eta sarreren erreserba HEMEN