POSIBLE AL DA ETXEAN GARBIKETA EKOLOGIKOA EGITEA EGUNERO ERABILTZEN DITUGUN PRODUKTUEN BIDEZ?
Garbiketa-produktuen inguruko erronkari lehenbailehen aurre egin behar diogula uste dugu. Garbiketa-produktu industrialak eraginkorrak dira, bai, baina horietako asko oso kutsatzaileak ere badira. Ingurumenean duten eraginaren eta erabilgarritasunaren arteko oreka aurkitu behar dugu. Garbiketa-produktu askoren hondakinak toxikoak dira, eta, uretan, airean eta lurrean bukatzen dute. Denok eskura daukagun alternatiba bat etxeko produktu ekologikoak erabiltzea da. Azken finean, etxean beti izaten ditugun produktuak dira, hala nola limoia, ozpina, bikarbonatoa, alkohola, aloea… ondo konbinatuta, berdin-berdin erabil ditzakegu desinfektatu eta garbitzeko. Horren adibide argi bat pandemiaren aurka hain lagungarria den etxeko gel hidroalkoholikoa izan daiteke. Interneten hainbat tutorial aurkituko dituzue etxean modu erraz eta seguruan egiteko.
Koloratzaileak, lurrin artifizialak, produktu korrosiboak (lixiba edo amonikoa, esaterako) eta bakterioen aurkako agente deitzen zaien osagaietako batzuk ez dira beharrezkoak izaten, eta, gainera, oso kutsatzaileak dira. Egia esan, urtean milaka tona garbiketa-produktu erabiltzen ditugu, eta horrek eragin oso kaltegarria dauka naturan.
Garbiketa egiteko produktu iraunkorragoak erabiltzearen abantailak:
- Merkeak dira
- Naturalak direnez, ez dute kalterik eragiten ingurumenean, ezta gugan ere.
- Dirua aurrezten da, etxean eginak baitira.
- Ez da animaliekin testik egin beharrik.
- Garbiketarekin erlazionatutako hainbat gauzatarako balio dute.
- Produktuak oso arin prestatzen dira.
Horrela izanik, arrazoi ekonomiko zein ekologikoak direla medio, garbiketa-produktuak etxean egitea onuragarria de denontzako: Gu geu, ingurumena eta geure etxeak izango dira onuradunak. Etxeko giro onak zoriontsuago egiten gaitu, dudarik gabe.