Bertsolari zuri-gorri eta txuri-urdinen arteko ohiko hitzordua otsailaren 1ean, igandean, 12:00etan izango da, Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean
Athletic Club Fundazioak, Real Sociedad Fundazioarekin lankidetzan eta Galdakaoko Udalaren laguntzarekin, BertsoDerbiaren edizio berri bat antolatu du, Torrezabal Kultur Etxean bertan egingo dena. Oraingo honetan, Athletic Cluben eta Realaren arteko derbi berezia, bertsoen bidez jokatua, otsailaren 1ean, igandean, 12:00etan izango da.
Ekitaldian Athleticzaleen ordezkari gisa Onintza Enbeita, Aitor Etxebarriazarraga eta Igor Elortza arituko dira, eta Realaren aldetik, berriz, Andoni Egaña, Eneritz Artetxe eta Amets Arzallus. Arkaitz Estiballes izango da aurtengo edizioko gai-jartzailea. Ordubeteko saioa izango da, umorez, irudimenez eta futbol giroko lehia osasuntsuaz betetako bertsoekin, arratsalde berean 21:00etan Katedralean jokatuko den euskal derbi handiaren bueltan.
Lehen bertsoderbia, duela 25 urte
Aurtengo kartelak BertsoDerbiaren lehen edizioko kartelari omenaldia egiten dio. Lehen edizio hura 2013ko otsailaren 22an egin zen Bilboko BBK Aretoan, Athletic Cluben eta Realaren arteko ligako derbiaren egunean.

Kultura hitzordu honetarako sarrerak doan eskuratu ahal izango dira -aretoa bete arte- HEMEN sakatuta, zale guztiek, bai zuri-gorriek zein txuri-urdinek, bertsolaritzaren festa honetaz gozatu ahal izan dezaten.
BertsoDerbiari buruz
2012. urteaz geroztik, BertsoDerbia Athletic Cluben eta Realaren arteko zelai gaineko neurketaren aurreko kultur ekitaldi gisa antolatzen da. Athletic Club Fundazioaren kultur ekimenetako bat da, eta bertsolaritzaren, euskal kulturaren eta euskararen sustapena ditu helburu. Real Sociedad Fundazioarekin elkarlanean aritzeak halako derbi garrantzitsu batean lehia osasuntsua sustatzen laguntzen du, errespetua, kirola eta kultura uztartuz.