Bidesari proiektuaren asteko entrenamenduen barruan, Fundazioak areto-futboleko partida bat antolatu zuen, ordezkari zuri-gorrien eta askatasunez gabetuta dauden pertsonen artean
Athletic Club Fundazioak duela gutxi antolatu du areto-futboleko partida bat Bizkaiko Espetxean, Bidesari Proiektuaren barruan, Bidesari elkartearekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan. Ekimenak askatasunez gabetutako pertsonak eta teknikari zuri-gorrien ordezkaritza bildu zituen, autonomia sustatzen duten ohiturak eta balioak eskuratzea laguntzeko asmoz, futbola erabiliz gizarteratzeko eta gizartea eraldatzeko tresna gisa.
Fundazioaren izenean, profesional hauek parte hartu zuten: Eneko Bóveda, Manu Franco, Alex Torrado, Jorge Portillo (Boluka), José Moreno, Rafa Arteagabeitia, Lander Urkijo eta Ibon Oleagagoitia. Horiek guztiek Fundazioak komunitatearen, inklusioaren eta kulturaren eremuetan garatzen dituen proiektuetan parte hartu ohi dute, bai Lezaman, bai Athletic Club-ekin lankidetzan aritzen diren erakundeen egoitzetan.

Bidesari proiektuari dagokionez, Athletic Club Fundazioko teknikariak astean bitan joaten dira Bizkaiko espetxera entrenamenduak zuzentzera. Bertan, presoen aisialdiaren barruan, bi talderekin lan egiten dute, areto-futboleko, kirol anitzeko eta Walking Footballeko saioetan. Helburua askatasunaz gabetutako pertsonen artean sinergiak sortzea da, aurrera egiten laguntzeko.
Espetxean izugarrizko arrakasta du proiektuak, eta horren adierazle da entrenamenduetara apuntatzeko dagoen itxaron-zerrenda. Bidesarik erabakitzen du nork parte har dezakeen, bere jarrera eta proiektuan duen inplikazioa kontuan hartuta. Hala, kiroletik eratorritako onura fisiko eta mentaletatik harago, ekimenak presoen portaera ona sustatzen du.

Bigarren aukeretan lan egiten
Fundazioak 2023an beste ekintza bat antolatu zuen espetxe berean, Iker Muniain eta Iñigo Lekue jokalariak bertan zirela. Hogeita hamar preso ingururen aurrean, hitzaldi bat eman zuten bi jokalariek, eta, bertan, hainbat gai jorratu zituzten, hala nola kirolaren balioak, ahalegina, bigarren aukerak eta futbolak bizitzan duen papera, joko-zelaitik harago. Jardunaldi hura bultzada izan zen gaur egun, Athletic Club Fundazioaren eta parte hartzen duten erakundeen konpromisoari esker, etenik gabe hazten ari den proiektu bat sendotzen jarraitzeko.