Athletic Club Athletic Club Fundazioak hondakin plastiko eta zigarrokinen garbiketan parte hartu du “Besarka Dezagun Itsasoa” erronka solidarioaren barruan
Ama Lurraren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Athletic Club Fundazioak hondakin plastikoak eta zigarrokinak biltzeko jardunaldi batean parte hartu du asteartean, apirilaren 22an, “Besarka Dezagun Itsasoa” ekimenaren barruan. Erronka solidario honek helburu garbi bat du: gure itsasoen garbitasunaz eta planetako klima-aldaketaren arriskuez kontzientzia piztea. Alberto Lorente igerilari solidarioak eta Enrique Herrero, “Quique Bolsitas”, Heziketa Fisikoko irakasleak egiten duten ibilbidearen lehen etapa izan da Bilbokoa.
11:00etan, Utopia, Genuine eta Walking Football proiektuen Fundazioko kide eta teknikariek, “Colillatrón” izenpean, zigarrokinak bildu zituzten Itsasmuseumetik hasita On Diego Lopez Haroko kale nagusiraino. Horiez gain, Johana Ruiz-Olabuenaga Athleticeko Gizarte Arloko zuzendaria, Jon Ruigomez Athleticeko lehendakariordea, Carlos Sergio Achotegui Bizkaiko Foru Aldundiko Kiroletako zuzendari nagusia eta Amaia Agirre Getxoko alkatea ere bertan izan ziren.
Bilketaren ondoren, bertaratutako guztiek Alberto Lorente igerilaria animatzeko aukera izan zuten. Tranpolin batetik itsasadarrera salto egin ondoren, Itsas Museotik Getxorako ibilbidea hasi zuen igerian: 15 kilometro baino gehiagoko ibilbidea hiru ordu eta erdian. Arratsaldean, Fundazioko eta beste erakunde batzuetako hainbat proiektuk Ereagako hondartza garbitzen lagundu zuten, itsasotik eta hondartzatik bildutako plastiko guztia elkartu eta altzari bihurtzeko birziklatzeko helburuarekin.

Ereagan hondakin plastikoak biltzera gonbidatutako elkarteak honako hauek izan ziren: Argia Fundazioa, HD Las Arenas, AVIFES, Fidias Lamiako, Utopía, Walking Football, HDErandio, Bizitegi, Bakuva, Gizakia Bilbo, Genuine, HDBaraka, Santurtziko Egoitza, Ortarazi, Berangoko Hirugarren Adinekoen Egoitza, IMQBilbo, Adsis, Adizmi-Baraka eta Ahalegina.
Apirilaren 23tik maiatzaren 10era bitartean, Alberto eta Quique kirolari solidarioek 13 etapa gehiago egingo dituzte, Kantabria, Asturias, Galizia, Andaluzia, Murtzia, Valentziako Erkidegoa, Katalunia, Kanariak, Ceuta eta Balear Uharteetatik igarota. “Besarka Dezagun Itsasoa” ekimenak hiru helburu ditu: itsasoen eta ozeanoen kutsaduraz kontzientziatzea, klima-aldaketaren ondorioez ohartaraztea eta herritarrak eta administrazioak mugiaraztea, kostaldeen garbiketan eta kontserbazioan aktiboki parte har dezaten.
Athletic Club Fundaziok horrelako proiektuetan duen inplikazioak indartu egiten du jasangarritasunarekiko duen konpromisoa eta eta balioak sustatu eta hezkuntza-ekimenak bultzatzearen aldeko apustua, hala nola ingurumenarekiko errespetua, gizarte-erantzukizuna eta Lurraren zaintza.