Zeharkako lankidetza-eredu bat aztertzeko ekimen bat da, eta nahi duten udalek har dezakete parte
Santurtziko udalak Athletic Club Fundazioarekin bat egin du duela gutxi. Honen bidez, zeharkako lankidetzarako eredu berri bat landu nahi da. Aintzane Urkijo Sagredo, Santurtziko alkatea, Aitor Elizegi, Athletic Clubeko presidentea, Juan carlos Ercoreca, Fundazioko presidentea, Jose Angel Iribar eta Danel Bringas Egilior zinegotzia, San Mamesen egon dira hitzarmena sinatzen. Udalak, Bilboko, Alonsotegiko, Derioko, Erandioko, Getxoko, Abanto Zierbeneko, Trapagaraneko, Güeñesko, Zallako eta Leioako udalekin batera, Fundazioari gizartea hobetzeko lanean laguntzeko konpromisoa hartu du.
Ekimen berri honen helburua Fundazioaren eta udalen arteko akordio horiek nolabait ofizial egin eta zabaltzea da; horrela, Fundazioaren gizarte-, ingurumen-, prestakuntza-, kirol- eta kultur ekimenak udalerri horietan garatu ahal izango lirateke. Ideia da Bizkaiko gainerako udalek ere ekimen honekin bat egiteko aukera izatea eta guztion ongizatearen eta Garapen Iraunkorrerako Helburuen alde lan egitea.
Zehazki, Fundazioak eskaintzen duen jarduera katalogo zabalaren barruan, Santurtziko udalak honako ekitaldi eta ekimenen inguruko interesa adierazi du: Irakurketa Tailer eta Klubak, Adingabeen Babesaren inguruan teknikari zein familia eta haurrei ematen zaien prestakuntza, eta Fundazioko Ongileren figurarekin erlazionatutako beste onura batzuk.