Athletic Clubek politika-, kirol- eta hezkuntza-erakundeak bildu ditu San Mamesen, ikasketak eta eskakizun handiko kirola bateratzeko konpromisoa bultzatzeko
Athletic Clubek EAEko politika-, kirol- eta hezkuntza-erakunde nagusietako ordezkariak bildu ditu asteartean, urriaren 15ean, San Mamesen, Kirolean Karrera Dualaren aldeko akordioa sinatzea bultzatzeko. Politika-, irakaskuntza- eta kirol-arloko 80 pertsona ospetsu inguruk hartu dute parte jardunaldian, eta ikasketak goi-mailako kirol-jarduerarekin uztartzeko zailtasunei buruz eztabaidatu dute. Bertaratutakoen artean, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko, Deustuko Unibertsitateko, EHUko, LHko eskoletako, ikastoletako, Euneizko edo Basque Teameko ordezkariak egon dira.
Leticia Canales surfistaren eta Aitor Ocio jokalari zuri-gorri ohiaren esperientzia pertsonalekin hasi da jardunaldia. Aitor Ocioren alabak ikasketak eta futbola uztartzen ditu Estatu Batuetan. Ondoren, bi mahai-inguru egin dira.
Lehenengoan, “Karrera dualari buruzko hezkuntza-erakundeen jardunbide egokiak eta esperientziak” izenekoan, Antonio Sanchez Pato (UNIR), Marta Borrueco Carmona (Institut de Recercadel ‘Esport – UAB Barcelona) eta Fernando Diaz Marquez (IES Conselleria – València) aritu dira. Bigarrenean, “Euskal kirola eta EAEko hezkuntza-erakundeak: irtenbideei heltzea” izenburupean, Olatz Legarza Albizuri (Basque Team), Gorka Iturriaga Madariaga (Eusko Jaurlaritza), Eugenio Jimenez (Eusko Jaurlaritza) eta Julio Calleja (UPV/EHU) izan dira parte-hartzaileak.
Athletic Cluben eta bere Fundazioaren ekimen hau Athleticek komunitatearekin eta, bereziki, futbolarekin, harrobiarekin eta, oro har, kirolarekin duen erantzukizunaren eta loturaren erakusgarri da. San Mamesen egindako jardunaldiak bultzada ematen dio inplikatutako erakundeen benetako konpromisoari, prestakuntza duala ahalbidetzeko, hau da, eskakizun handiko kirola prestakuntza akademikoarekin bateratu ahal izateko.
Athletic Clubentzat eta haren Fundazioarentzat, Lezamatik igarotzen diren futbolariak kirolariak dira, baina, batez ere, pertsonak dira. Horregatik, prestakuntza-programak hainbat hamarkada daramatzate abian, hala nola Lezama uzten duten futbolarientzako bekak, Klubaren balioekin ereduzko jokabidea erakusten dutenak, edo garapen osora bideratutako Garathuz programa. Orain, ekimen honen bidez, irtenbide globala bultzatzen da, Lezamatik eta futboletik harago doan konpromisoa, eta Euskadiko eskakizun handiko kirolari guztien onerako izango diren neurriei ekiten die.