Fundazioak datorren otsailaren 24an eta 25ean “Kirol arloan adingabeen aurkako indarkeria saihesteko I. Foroa”-n parte hartuko du
Jon Vázquez Eguskizak, Athletic Club Fundazioaren Zuzendari Nagusiak, eta Iñaki Alonsok, Haurrak Babesteko Aterpe Programaren arduradunak, “Kirol arloan adingabeen aurkako indarkeria saihesteko I. Foroa”-n parte hartuko dute otsailaren 24an eta 25ean. Foro honek adingabeen aurkako indarkeria-egoerekin lotutako hainbat alderditan inplikatuta dauden eragile guztien elkargune izan nahi du, bereziki kirol-eremuan.
Espainiako eta inguruko herrialdeetako egungo egoera ebaluatzera bideratuta, Foroak haurren eskubideen ikuspegitik jokabide egokiak identifikatzea du helburu, erreferentzia gisa erabil daitezkeenak. Honekin batera, haurren politika eraginkorrak eraikitzeko herri-administrazioei zuzendutako proposamenak eta argudioak egitea ere xede du, hori guztia kirol-eremua edozein indarkeria-motatako espazio askea izatea sustatzeko.
Haurren Tratu Txarrak Prebenitzeko Elkarteen Federazioak (FAPMI) eta ECPAT Españak antolatzen dute foroa, Fundazioaren laguntzarekin. FAPMI irabazi-asmorik gabeko erakundea da, 1990ean sortua, eta haurren eta nerabeen eskubideen defentsarekin sentsibilizatutako pertsonak eta elkarteak biltzen ditu. FAPMI ECPAT International sarearen ordezkaria da Espainian. Sare hori haurren eta nerabeen sexu-esplotazioaren (ESIA) prebentzioan espezializatutako sare global handiena da. FAPMI-ECPAT España, halaber, The Code erakundearen ordezkaria da, Haurrak eta Nerabeak Bidaietan eta Turismoan Babesteko Jokabide Kodearekin lotutako jarduerak koordinatzen dituen erakundea.
Foroa haur eta nerabeen arloarekin zerikusia duten diziplinetako profesionalei eta ikasleei zuzenduta dago, hau da, haurrak eta nerabeak babesteko testuinguruan lan egiten duten erakundeei eta errealitate horrekin sentsibilizatuta dagoen jendarte orokorrari.
Programa eta informazio gehiago HEMEN