Fundazioak kirol materiala entregatu die. Horrela, bide batez, pandemiaren aurka lehen lerroan ari diren erakunde hauen lana txalotu nahi izan du.
Goiztiri eta Bizitegi elkarteek gizarte-bazterkeria egoeran dauden pertsonen alde lan egiten dute. Konfinamenduan ere lanean jarraitzen dute, IMD (Udal Kirol Institutua), Bilbao Kirolak eta Barakaldo eta Bilboko Udalei esker. Izan ere, etxerik gabeko ehun pertsona inguru Lasesarre eta La Casillako kiroldegietan babesten lagundu dute. Athletic Club Fundazioak kirol materiala entregatu die elkarte horiei. Horren bidez, Goiztiri eta Bizitegi elkarteen gizarte lana eskertu eta txalotu nahi izan dugu, pandemiaren aurka lehen lerroan ari baitira borrokan.
Fundazioarentzat oso garrantzitsua jarduera mantentzea eta bi proiektu horien ohiko entrenamenduekin jarraitzea. Gainera, online saioen bidez Goiztiri eta Bizitegiko erabiltzaileei konfinamendu hobeto eramaten laguntzen ari garela jakiteak asko pozten gaitu. Egoera gogorra da, eta animoa eta une honetan komunitate izpiritua zaintzea oso garrantzitsua da. Eskatutako segurtasun-distantzia mantenduta eta edozein osasun arrisku saihestuta, kiroldegi horietan dauden pertsonek astean bitan egiten dute entrenamendua, Fundazioko teknikariek online programatutako irizpideak jarraituta. Bestalde, egungo egoerak eragindako arropa eskasiari erantzuna emateko, Fundazioak eta Athletic Clubek New Balance markako materiala entregatu dute kiroldegi bietan, klubaren Babesle Ofiziala eta Fundazioaren Ohorezko Bazkidea baita. Albiste honekin batera doan bideoa Goiztiri, Bizitegi eta antzeko elkarteetan lan egiten duten pertsonentzako omenaldi bat da. Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala gogor ari da lanean koronabirusaren aurka.