Thinking-aren bigarren egunean historikoki ukatu zaizkien espazioak konkistatzeko borrokan ari diren emakumeen istorioak kontatzen dituzten bi film aurkeztu dira
Athletic Club Fundazioaren zinemaldiaren egitarauaren mami sozialak bi adibide bikain izan ditu astearteko jardunaldian. Oro har, gaia genero-berdintasunean laburbil daiteke. Zehazki, proiektatutako filmek bi istorio oso desberdinen bidez jorratzen dute gai hau, baina espiritu komun batekin: emakumeek modu sistematikoan ukatu zaizkien espazioak berdintasun osoz gozatzeko betebehar morala.
‘The Football Aficionado’, Sala BBK Aretoan izan diren Sharmin Mojtahedzadeh eta Paliz Khoshdelek elkarrekin zuzendutako filmak, emakumeek Iranen pairatzen duten bazterketa pentsaezina eta estadioetara iristeko duten zailtasuna erakutsi digu. Diskriminazioaren testuinguru horretan, futbola genero-berdintasuna aldarrikatzeko tresna da.
Lehen saio honen ondoren, eguneko plater nagusia “Copa 71” filmari zegokion, ahaztutako Munduko Txapelketa bat berreskuratzen duen dokumentala, Ingalaterra, Argentina, Mexiko, Frantzia, Danimarka eta Italiako emakumezkoen selekzioek Mexiko Hirian jokatu zutena. Txapelketak ehunka mila lagun bildu bazituen ere eta aurrekaririk gabeko arrakasta izan bazuen ere, ahaztuta geratu da. Hain zuzen ere, desmemoria da genero-berdintasunak aurre egin beharreko beste oztopoetako bat.
Kapitain hirukote batek, Iraia Iturregi eta Ainhoa Tirapu mito zuri-gorriek, Marta Unzué lehen taldeko egungo futbolarietako batekin batera, ‘Copa 71’ fllmean kontatzen den historia sinestezin honi buruz hitz egin dute Cris Garciak moderatutako solasaldian.
“Oraindik asko dago egiteko. Historian zehar bi aldiz bota gaituzte futboletik, beraz, ezin izan dugu gizonezkoen futbolaren erritmo berean hazi“, gogorarazi du Tirapuk Mexikoko Munduko Txapelketa honen ostean jasandako hutsuneari erreferentzia eginez.
Iraia Iturregik nabarmendu duenez, “kirol arrakastak aprobetxatu behar dira emakumezkoen futbolak dakarren produktua saltzeko. Emakumeok ere aukera gehiago behar ditugu zuzendaritza-postuetan“.
Bestalde, Marta Unzué futbolaren potentzialaz ziur agertu da. “Maila fisikoan oso desberdinak gara, baina ikuskizun desberdinak ere badira. Emakumezkoen futbola ere, bere ezaugarriekin, oso ikuskizun erakargarria da“.
Bihar, “Campos”, “Greenland: Santa Cruz del Islote” laburmetraia eta “Colombia: camino a la gloria”, Pacho Maturanarekin
18:00etan Óscar Falagán eta David Casadoren “Campos” dokumentala proiektatuko da. Futbol-zelaiak eszenatoki moduan erabiliz, zuzendariek “Espainia hustuan” bizi diren biztanleen istorioak kontatzen dituzte. Hainbat alderdiren bidez, landa-futbolaren balioa erakusten dute, batzeko, kohesiorako, ekitaldi sozialerako eta aisialdirako elementu gisa. Azken sarrerak eskuragarri HEMEN
20:00etako txanda ESPN kateko “Greenland: Santa Cruz del Islote” laburmetraiarekin hasiko da. Bertan, futbolean aritzea ezinezkoa dirudien lekuak arakatu eta bisitatzen dituzte.
Jarraian, “Colombia: camino a la gloria” gaueko plater nagusia, Francisco “Pacho” Maturana ohorezko gonbidatuarekin. Kolonbiak, 94ko Munduko Txapelketa irabazteko faborito nagusiak, Estatu Batuetan huts egin zuen kanpoko presioen eta Kolonbiako mafiaren mehatxu handien ondorioz. Egunak dira ez dela sarrerarik geratzen saio honetarako.