Fundazioak eta Bilboko Koral Elkarteak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute
Juan Carlos Ercorecak eta José Miguel Lanzagortak, Athletic Club Fundazioko eta Bilboko Koral Elkarteko presidenteak, hurrenez hurren, lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute. Helburua kirola eta kantu korala uztartu eta sustatzeko sortu daitezkeen proiektuetan elkarrekin aritzea da. Bi jarduerak dira tradizio handikoak gure lurraldean, eta ospakizun-eremuak partekatu dituzte. Proiektuak zehazten joan ahala, horretarako bereziki sinatutako akordio edo hitzarmenak izango dituzte oinarri.
Bilboko Koral Elkartea hirian ondo errotutako erakundea da, historia luzeena duenetakoa. 1886an eratu zen, musikaren garapenerako, orokorrean, eta musika korala sustatzeko, bereziki. Talde nagusiaz gain, 1984an Haurren Abesbatza sortu zen, eta 1985ean Euskeria Abesbatza, kontserbatorioaren eta helduen abesbatzaren arteko urratsa osatzen duen harrobi ederra. Athletic Club zein Bilboko Korala bilbotar gizartearen osagai garrantzitsuak dira, eta sinatu berri duten lankidetza-hitzarmenak haien arteko harremana sendotu nahi du. Koralak hainbat sari jaso ditu bere historia luzean zehar, horien artean, Arte Ederren arloko Meritua saritzeko Urrezko Domina (1986), UNICEF Fundazioaren 50. Urteurrenaren Domina (1996), edota Bilboko Hiribilduaren Urrezko Domina (2007).