Athletic Club Fundazioak laguntzen duen erakundeak Drogen Plan Nazionalaren Merezimendu Ordenaren Urrezko Domina jaso du
Gizakia Fundazioak Drogen Plan Nazionalak ematen duen saririk handiena jaso berri du: Merezimenduaren Ordenaren Urrezko Domina. Aintzatespen goren hori “nerabezaroan jokabide arriskutsuak prebenitzeko egiten duen lanagatik eta adikzioei modu integralean aurre egiteko funtsezko zereginagatik ematen zaio”.
Hain zuzen ere, Athletic Club Fundazioak parte hartzen du Gizakiak eskaintzen duen arreta integral horretan, kirol-entrenamenduko saioak antolatzeari esker. Fundazioko teknikariek zuzendutako entrenamendu horiek oso onuragarriak dira erabiltzaileen errekuperazio- eta gizarteratze-prozesurako.
Horrela, Gordexolako Gizakia zentroko barruko pazienteek, Eguneko Zentrokoek eta Deustuko Gizarteratzeko Laguntza Zentrokoek Athletic Club Fundazioaren laguntza dute adikzioak dituzten pertsonentzako tratamendu integralean.
Fundazioko teknikariek zuzendutako asteroko entrenamenduen bidez kirol-jarduerak sustatzen dira elkarrekiko laguntzaren giro horretan, eta esperientzia horrek zentroko terapian lagungarri diren ohitura eta balioak txertatzen ditu. Lana bi multzotan banatzen da: Futbola eta multikirola.
Ez dira soilik kirola praktikatzeak dakartzan berezko onurak (sindrome metabolikoaren aurka egitea, ohitura osasungarriak hartzea eta sasoian egotea). Taldean kirola egitea ona da bakardade egoera arintzeko eta harreman afektiboak garatzeko.