Udalak entrenatzaile zuri-gorriak klubean zein hirian izan duen ibilbidea eta dedikazioa aitortu ditu
Ernesto Valverde, Athletic Cluben historian partida gehien zuzendu dituen entrenatzailea, Bilboko Udaleko Ospetsua izendatu dute gaur arratsaldean. Ekitaldia udaletxeko Arabiar Aretoan egin da, eta bertan teknikariaren irudia goraipatu da, “gure bihotz zuri-gorria berriro orroka jartzeagatik eta Bilboko belaunaldi berriengan Athletic Txapeldun baten balioa pizteagatik“.
Valverderekin batera, Nerea Ortiz, presidenteordea, Josetxu Urrutia, Zuzendaritza Batzeko kidea, Jose Angel Iribar, Mikel Gonzalez, futboleko zuzendari nagusia, Jon Berasategi, Klubeko zuzendari nagusia, Josu Urrutia, Athleticen presidentea izandakoa, eta Iraia Iturregi, saria jaso zuen azken zuri-gorria, egon dira; lehen taldearen izenean Oscar de Marcos, Iñaki Williams, Yeray Alvarez, Iñigo Lekue, Unai Simon, Yuri Berchiche eta talde teknikoa bertaratu dira ekitaldira.
Bere hitzaldian, Valverde esker oneko agertu da, hiriarekin eta klubarekin duen harreman estua azpimarratu duelarik: “Zorte handia da saria zuekin jasotzea, egunero nirekin daudenekin eta Lezaman, San Mamesen eta Ibaiganen Athletic egunetik egunera handiagoa izan dadin lan egiten duten guztien izenean. Sariak gehiago esaten du ematen duenaz jasotzen duenaz baino. Eskerrak eman nahi dizkiet bilbotar guztiei nirekin izandako eskuzabaltasunagatik. Duela 40 bat urte Bilbora iritsi nintzenetik, oso harreman berezia dut areto honekin, hemen ezkondu nintzen eta gehien amestu eta bilatu ditudan bi tituluak ospatu ditut: 2015eko Superkopa eta 2024ko Kopa”. Gainera, entrenatzaileak talde zuri-gorriaren oroimenean bizitako une berezi batzuk gogoratu ditu, zaleen eta taldearen arteko lotura nabarmendu duelarik: “Beti irabazi nahi dugu, baina gure helburu finkoena Athleticen oroimenean gelditzea da, eserlekuetatik altxatzen zituen talde bat gogora dezaten. Nire jokalariak oso ausartak dira, miresten dudan jendea, eta erronka bati egunero aurre egiten diotenak. Bilbao eta Athletic bat datoz niri gustatzen zaidan gauza batekin, harrotasun disimulatugabearekin. Harro nago eta oso pozik . 8 kilometro gora igotzeko ametsetan jarraituko dugu, gu gara onenak”.
Juan Mari Aburtok, Bilboko alkateak, hitz politak izan ditu Ospetsu berriarentzat: “Ernesto entrenatzailea baino askoz gehiago da, Athleticekiko pasioaren erreferentea da. Bi zelaietan entrenatu duen bakarra. Athletic sentimendua orro eginarazi digu berriro. Handiena eta ederrena lortu duzu, belaunaldi berriek Athletic txapelduna zer den ezagutzea. Hunkitu egiten nau bere sinpletasunak, zein erraz egiten duen. Ernesto egiazkoa da, balio sendoekin. Jokalariok maisurik onena izateko zortea duzue. Eskerrik asko zoriontsu egiteagatik eta Bilboren izena gorenera eramateagatik”.
Ernesto Valverdek Bilboko Ospetsuen Saria jaso duten beste erreferente zuri-gorrien zerrendara batu egin da; hala nola, Raimundo Perez Lezama (2006), Jose Maria Orue Aranguren eta Rafel Iriondo (2007), Angel Maria Villar (2011), Txetxu Rojo (2015), Jose Angel Iribar (2016) edo Iraia Iturregi (2022). Athletic Club bera Hiriko Enbaxadore izendatu zuten 2012an.
Saria Ernesto Valverdek Athleticen egin duen ibilbide bikainari beste omenaldi bat egitea da; izan ere, Valverdek, lehoien entrenatzaile den hirugarren aroan, marka ezabaezina utzi du Klubaren eta Bilboren historian.
‘Txingurri’-rekin batera, Ines Anituak, Euskadiko Automozio Klusterraren Zuzendari Nagusiak, eta Jose Ignacio Goirigolzarrik, Bilboko banku sektoreko profesionalak, jaso dute saria. Hiru aitorpen horiez gain, alkateak Bilbao Basket Hiriko Enbaxadore izendatu du.