“FUNDAZIOA ATHLETIC CLUBAREN ARIMA DA”
Athletic Club taldea Bizkaiko gizartearekin konprometituta egon da hasieratik. Hala ere, Fundazioa bera ez zen 2002. urtera arte sortu. Ordutik, etengabe haziz joan da, betiere, gure gizartea hobetzeko xedeari lotuta. Fundazioko Zuzendari Nagusiak, Jon Vázquez Eguskizak, 2019/20 denboraldirako aurreikusitako jarduera eta ekimenen programari buruz hitz egin digu. Batzuk modu independentean garatuko dira; beste batzuk, aldiz, beste erakunde eta eragile batzuekin elkarlanean.
Baina, etapa berri honetako proiektu zehatzetan zentratu aurretik, Vázquez Eguskizak Athletic Club Fundazioaren oinarriei buruz hitz egin digu.
Zer egiten du Fundazioak, zehazki?
Fundazioaren bidez Athletic Club erakundearen balioak lantzen ditugu. Gizarte, kultur, kirol eta ingurumen arloko jarduerak sustatzen ditugu, Bizkaiko gizartea hobetzeko xedez, inguru iraunkorragoa izateko eta topaketarako eremu bat sortzeko.
Bestalde, esan behar da Fundazioak Athletic Club erakundearen Erantzukizun Korporatiboaren estrategia garatzen duela. Horrela izanik, Fundazioa Athletic Clubaren arima da, gure ezaugarri diren eta Athleticeko jendeak barruan daramatzan balio horiek guztiak islatzen diren eremua.
Uste duzu garrantzitsua dela Klubaren, Fundazioaren eta afizioaren arteko identifikazioa?
Gure kluba oso errotuta dago gizartean, beraz, Athletic Clubeko zaleen ezaugarri nagusia pertenentzia sentimendua da. Bazkide gisa, Athleticen parte sentitzen gara, eta gure filosofiak ere bereziki sendotzen du pertenentzia sentimendu hori.
Beraz, afizioak futbolaz harago doan identifikazio eremu bat ikusi behar du Fundazioaren lanean.
Zein helburu dituzue?
Fundazio gisa haztea eremu guztietan (enpresak, kideak, proiektuak), Bizkaian presentzia izatea eta egiten ari garen lanaren berri ematea. Jarduera estrategiko horiek Athletic Club Fundazioaren posizionamendu eta identifikazioa lortzen lagunduko digute.
20 proiekturekin hasi ginen, gehienak Bilbon kokatuak; laster, denboraldi berrian, ia bikoitzera helduko gara: 39 proiektu izango ditugu, ez soilik Bilbon, baizik eta Bizkaia osoan. Gainera, nazioarteko 3 proiektu ere baditugu esku artean.
Fundazioaren kudeaketari dagokionez, 2030 Agenda eta Garapen Iraunkorrerako Nazio Batuek markatutako 17 Helburuak izango dugu kontuan, pobrezia desagerrarazi, aldaketa klimatikoaren aurka borrokatu eta desberdintasun egoerak murrizteko.
Fundazioak lan hori burutzeko baliabideak nola lortzen dituen jakitea ere interesgarria izango litzateke.
Esan behar da Fundazioaren lana ez litzatekeela posible izango enpresa, erakunde, elkarte eta pertsona laguntzaileen babesik gabe.
Fundazioari laguntza ematen dioten enpresen kopurua handitu egin da. Une honetan, 147 dira, eta hazten jarraitzen dugu.
Enpresek ulertzen dute Fundazioari babesa ematea ona dela beren Erakundearen Gizarte Erantzukizunerako, eta guretzat funtsezkoak dira laguntza horiek. Era berean, Fundazioak konfiantza horri erantzun behar dio, modu aktiboan eta gizartearen garapenean emaitzak ikusaraziz. Baina enpresen Gizarte Erantzukizunarekin bat egiteaz gain, gure erakundearekin lotutako zerbait gehiago eskaini nahi diegu. Hau da, gurekin garatutako lankidetza gizartearekiko inbertsio arduratsua izan dadila, emaitza bat bueltan izango duena, enpresaren ikuspuntutik.
Enpresa eta erakundeez gain, norbanakoen babesa ere aipatu duzu.
Bai, guretzako oso garrantzitsua da, bereizgarria. Une honetan 3.979 pertsona dira Fundazioko bazkide. Fundazioko eta ATHLETIC KLUBEKO kide izatea erabakitzen duten pertsonen ekarpena sinbolikoa da, baina benetako balioa kalkulaezina da, pertsona horiek baitira Fundazioaren benetako birikak.
Epe labur eta erdira markatutako erronketako bat da: Athleticeko zaleak Fundazioko kide izatea CLUB ATHLETIC txartelaren bidez, bazkideentzako abantailak baititu. Jendeak Fundazioaren proiektuetarako ekarpenak egitea oso esanguratsua da, klubaren balioekin bat egiten dutela esan nahi du.
Eta, azkenik, laguntza emateko beste modu bat Fundazioko boluntario izatea da, eta proiektuetan zuzenean lan egitea.
Eta nola pentsatu duzue erronka hori betetzea?
Gure plan estrategikoaren oinarrietako bat komunikazioa da. Gainera, BAZKIDEEN HITZA proiektuaren bileretan identifikatu dugun zerbait da. Bazkideek esaten ziguten Fundazioari buruz gehiago jakin nahi zutela, egiten genuenaren berri emateko eskatu ziguten. Athletic Clubaren afizioak Fundazioarekin bat egiteko, lehenik eta behin, gure lana ezagutu behar du. Eta hori ezagutzeko, guk kontatu behar diegu, modu zehatz eta erakargarrian komunikatu behar dugu. Proiektuak ezagutzeko aukera izan dezatela, erabaki ahal izateko. “Bai, identifikatuta sentitzen naiz Fundazio honekin. Parte hartu nahi dut”. Fundazioaren web orri berriak xede hori izango du.
Baina benetan uste duzu beharrezkoa dela Fundazioak bere webgune eta bide propioak izatea?
Bai, noski. Bi arrazoirengatik. Lehena da horrek ez digula ezer kenduko. Nahi dut esan, Fundazioak Klubaren bidez komunikatzen jarraituko du, presentzia are handiagoarekin, gauza gehiago kontatu beharko ditugu eta. Eta bigarrena da horrek sendotu egingo gaituela. Batzuetan gertatzen zitzaigun kirol informazioak apur bat estali egiten zuela Fundazioaren informazioa, eta arazoa ez zen interes falta.
Orain edozein pertsonak jo dezake zuzenean gure informaziora, erraz, eta ikus dezake Fundazioak eta Klubak kirola ez den beste arlo batzuetan ere lan egiten dutela.
Webguneaz gain, zeintzuk dira Fundazioaren nobedade berriak denboraldi honetarako?
Lan-ildo berri batean zentratu nahi dugu: ingurumena. Dagoeneko hasi gara horretan. Eta etorkizunean lan-ildo berriak gehituko dizkiegu gure gizarte, kultur eta kirol proiektuei, hazten jarraitu behar baitugu.
Gure taldeen joan-etorrien bidez sortzen diren CO2 isurpen guztiak Urdaibain zuhaitzak landatuz konpentsatuko ditugu.
Beste ingurumen proiektu batzuetan ere lanean hasi gara, hala nola, aztarna hidraulikoa, 0 km, birziklatzea, plastikoen erabileraren murrizketa… proiektu zehatzak, aurrerago ezagutaraziko ditugunak.
Eta gizarte arloan?
Hori da Fundazioaren lehentasunezko eremua.
Lankidetzan aritzen garen Erakunde, Elkarte eta Fundazio guztiak aipatu beharko genituzke, balio eta helburu berberak baititugu. Egiten dugun talde-lana funtsezkoa da proiektuen garapenerako.
Proiektu batzuk aipatzearren…
«Villagol» eta «Athletic Villa» izenekoak ditugu, Bizkaia Koopera, Bizkaiko Foru Aldundia eta Deporte y Desarrollo erakundearekin lantzen ditugunak, Perun.
Genuine izeneko proiektua BBK Fundazioarekin batera lantzen dugu; RSM Osakidetzarekin, “Gizakia” Gordexolan, “Fútbol Parálisis Cerebral” Aitameni, Bidaideak eta Hazten elkarteekin, “Walking Football” izenekoa Goiztiri eta Save The Children erakundeekin Barakaldon, “Bizgarri” Urduña eta Urdulizen, “Ongi Etorri Errefuxiatuak” Busturialdean…
Eta honakoak ahaztu gabe:
Bizitegi, Asociación Clara Campoamor, Fundación Integrando, Zabaloetxe, Bakuva, Gorabide, Adizmi, Geu Be, Gaude, Síndrome de Down Fundazioa, Adsis, Gurutzetako Pediatria Proiektua, Serso Honduras, Avifes, Asasam, Argia, San Juan de Dios, Ulertuz, Bilbao Kirolak, IMD Barakaldo, Korrika, Bige, Ikastolen Elkartea, Bizipoza, Real Sociedad Fundazioa, Gurutze Gorria eta Eragintza.
Kultura arloan Thinking Football zinema jaialdia eta Letrak eta Futbola ekimena ditugu, horiek dira kultur jarduera nagusiak.
Bai, hala da. Oso pozik gaude proiektuek urteetan zehar jasotako aitorpenarekin. Gaur egun, ekitaldi biak oso errotuta eta sendotuta daude eta gero eta entzutetsuagoak dira, baita nazioartean ere. Denboraldi honetarako hainbat sorpresa ditugu, eta dagokien unean iragartzen joango gara. Eta ez ditugu ahaztu behar Irakurketa Kluba eta BertsoDerbia. Mundu osoan ez dago horrelako kultur jarduerarik. Helburua da aurkarien artean lehia osasuntsua sortzea. Beti oroituko ditugu Jon Maia eta Maddalen Arzallusek derbiaren aurretik San Mamesen kantatutako bertsoak.
Kirol arloa falta zaigu.
Futbolaren faktore ludikoa eta hezitzailea aldarrikatu nahi ditugu, batez ere gure ekintza eremu nagusian, hau da, Bizkaian eta gure hitzarmenkide diren kluben artean. “Lezama Bekak” proiektuak, esaterako, ikasketak eta kirola ondo uztartzen jakin zuten harrobiko kirolariak saritzen ditu.
Proiektuek eremu partekatuak izatea nahi dugu. Gizarte, kultur eta kirol gaiak banatzen dituzten ildoak Fundazio eta Klubarekiko zeharkakoak izan daitezen saiatzen gara.
Gure jokalariek ondo hartzen al dute jarduera horietan parte hartzea?
Bai, Fundazioaren proiektuekiko inplikazioa erabatekoa da, beti daude prest. Ez soilik futbolariak, teknikari, zuzendaritzako kide eta langileak ere hala egoten dira. Gertutasuna eta naturaltasuna izan nahi ditugu ezaugarri nagusi, eta hori lortzen ari gara, Klubaren konplizitateari esker.
Eta ezin ditugu ahaztu Fundazioko pertsonak, beren talentu eta ilusioaren bidez ezina lortzen baitute.