Fundazioaren hainbat proiektuetako erabiltzaileek eta Athletic Clubeko jokalariek kirol jardunaldi bat partekatzeko aukera izan dute
Gaur goizean, Lezamako instalazioak Athletic Club Fundazioak Emakumearen Nazioarteko Eguna dela-eta antolatutako jardunaldi berezi baten eszenatoki bilakatu dira. Ekitaldiak Fundazioak bultzatutako hainbat proiekturen 60 erabiltzaile baino gehiago bildu ditu, horien artean Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea (BOMS), Utopia, Eragintza eta Argia, inklusioa eta berdintasuna sustatzeko helburuarekin.
Goizeko 10:00etatik aurrera, parte-hartzaileak Lezamara iritsi dira, GaituzSportekin elkarlanean diseinatutako kirol jarduera bat egiteko. Saioaren aurretik, taldeek kartelekin eta pankartekin apaindu dute zelaia, espresuki prestatutako aldarrikapen-mezuekin. Gainera, Osakidetzako BOMSek ekitaldia antolatzen lagundu du eta kamiseta oroigarriak banatu ditu parte-hartzaileen artean.
Jardunaldia hausnarketarako eta bizikidetzarako gunea izan da, baita kirola berdintasuna, inklusioa eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko tresna aparta ere. Erakunde parte-hartzaile bakoitzak gizarteratze-eremu desberdinetan egiten du lan. Osakidetzako BOMSak, esaterako, osasun mentaleko nahasmenduak dituzten pertsonei laguntzen die, haien ongizatea sustatuz. Utopia, bere aldetik, kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei zuzendutako proiektu bat da, emakumeentzako espazio seguru bat sortzeko helburuarekin, astero multi-kiroleko entrenamendu-saioen bidez. Eragintzak gaixotasun mentala duten pertsonak gizarteratzen eta laneratzen dihardu, eta zentro okupazionaletako 50 pertsona inguruk Fundazioko teknikariekin entrenatzen dute asteazken eta ostegunetan, ahalegina, elkartasuna eta aukera-berdintasuna bezalako balioak partekatuz, funtsezko zutabeak baitira Klubaren filosofian. Argiak, ildo beretik, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonekin lan egiten du, haien bizi-kalitatea hobetuz.
Itxiera berezia emakumezkoen lehen taldeko jokalariekin
Jardunaldiari amaiera emateko, parte-hartzaileek Athletic Clubeko emakumezkoen lehen taldeko hainbat jokalari ezagutzeko aukera izan dute. Jardueraren ondoren, tarte bat partekatu dute beraiekin eta argazkiak atera, hitz egin eta autografoak jaso dituzte.
Horrelako ekimenek Athletic Club Fundazioak genero-berdintasunarekin eta gizarteratzearekin duen konpromisoa indartzen dute. Futbolaren eta emakumeen kiroleko erreferenteekin harreman zuzena izateari esker, parte-hartzaileek esperientzia aberasgarri bat bizi ahal izan dute, gizartearen esparru guztietan emakumeak duen paperari merezi duen balioa emanez.