Idazle suediar ospetsua eta kazetari katalana literaturaz, nobela beltzaz eta futbolaz mintzatuko dira datorren asteazkenean, ekainak 1, San Mameseko Iparra aretoan
Athletic Club Fundazioak, bere 20. urteurrenean, Letrak eta Futbolaren 2022ko edizio bereziaren literatura jardunaldi berri bat antolatu du. Lehenengo topaketan Fundazioak Eduardo Sacheri eta Ricardo Bochini elkartu bazituen, oraingo honetan David Lagercrantz eta Enric González izango dira protagonistak, Galder Reguerak moderatutako elkarrizketan. Hitzaldia ekainaren 1ean, asteazkenean, arratsaldeko 19: 00etan, izango da San Mameseko BAT guneko Iparra Aretoan (12. atearen ondoko sarbidea) eta, beti bezala, sarrera doakoa izango da lekua bete arte.
David Lagercrantz (Solna, Suedia, 1962) idazlea eta kazetaria da. Göran Kropp eta Everesteko konkistari buruzko lan batekin estreinatu zen, eta ondoren Alan Turingi buruzko bere eleberri goraipatua etorri zen, “ El enigma Turing” (Destino, 2016). Suediako azken urteetako libururik arrakastatsuenetako baten egilea da: Zlatan Ibrahimovicen biografia, “Soy Zlatan”. 2013an Millennium liburu sorta ospetsua jarraitzeko aukeratu zuten, 2005ean Stieg Larssonek honako eleberriekin hasitakoa: “Los hombres que no amaban a las mujeres”, “La chica que soñaba con una cerilla y un bidón de gasolina” eta “La reina en el palacio de las corrientes de aire”. Eta horien ondoren, Lagercrantzek “Lo que no te mata te hace más fuerte”, “El hombre que perseguía su sombra” eta “La chica que vivió dos veces” idatzi zituen.
Egun hauetan, David Lagercrantz liburu-dendetara itzuliko da, eta “Obscuritas” (Ediciones Destino) nobela berria aurkeztuko du, hots, azken hamarkadako eleberri beltzen egile garrantzitsuenetako baten itzulera. Thriller honetan, egileak bere pertsonaien ahotsen bidez, egungo gizartearen arazo garrantzitsuenak azaltzen ditu, hala nola nazioarteko politikaren ezegonkortasuna, futbolaren munduko ustelkeria, hiri handietako aldirietako gatazkak, ultraeskuinaren gorakada edo adierazpen askatasunaren mugak, besteak beste.
Enric González (Bartzelona, 1959) gaur egungo kazetari ospetsu eta buru-argienetako bat da. Berriemaile lanetan zutabe gogoangarriak idatzi ditu Londres, Paris, New York, Washington, Jerusalem eta Buenos Aires bezalako hiri berezietatik. Halaber, Golkoko gerraren, Ruandako genozidioaren eta Mururoako atoloiko proba nuklearren berri eman zuen. Bere liburuen artean nabarmentzen dira “Historias de Londres”, “Historias de Nueva York”, “Historias de Roma” eta futbolari buruzko bi: “Historias del Calcio”, Italia futboletik azaltzen duten kronika laburren bilduma bat eta “Una cuestión de fe”, Espanyolekiko duen pasioari buruzkoa.
Ekitaldia sarrera librearekin izango da lekua agortu arte. David Lagercrantz eta Enric Gonzálezen arteko elkarrizketa gaztelaniaz eta ingelesez izango da, eta aldi bereko itzulpen-zerbitzua eskainiko zaie hala eskatzen dutenei.