Bizkaiko Foru Aldundiak Athletic Club Fundazioa aukeratu du, beste erakunde batzuen artean, Garapen Iraunkorrerako Helburuak garatzeko. Helburu horiek Giza Eskubide Unibertsalak dituzten oinarri: politikoak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak, baita emakumeen ahalduntzea ere. Fundazioko presidente Juan Carlos Ercorecak hitzarmena sinatu du Bizkaiko Foru Jauregian. Bertan izan dira sei erakunde laguntzaileetako ordezkariak, Teresa Laespada diputatuarekin batera.
Zehazki, Athletic Club Fundazioak Perun kokatutako bi proiektu garatzeko konpromisoa hartu du, Limako hiriko Villa El Salvador eremuan dagoen “giza asentamendua” izenekoan. ADDVES elkartearen laguntza izango du (Asociación de Deporte y Desarrollo de Villa El Salvador). Elkarte horrek Barakaldoko Kirol eta Garapen Elkartearekin batera lan egin du (DEPYDES), kirol jardueraren bidezko giza garapenean zentratutako proiektuetan. Villa El Salvador udalerrian indarkeriak eragin handia dauka. 14 urtetik beherako adingabeek ere su-armak dituzte eskura, egunero-egunero. Gaztetxo askok alde batera uzten dute eskola, kaleko taldeetan mugitzen hasten dira, drogak kontsumitzen (oinarrizko pasta erretzea), eta lapurreta eta bestelako delinkuentzia ekintzak burutzen.
Marjinazio testuinguru horretan, Athletic Club Fundazioa bi proiektutan hasi da lanean: “Villagol: Futbol por la vida y la esperanza” eta “Promoción del Deporte Femenino en Villa el Salvador”. Pertsonen garapena, gizartearen eraikuntza, jokabide arriskutsuen prebentzioa eta balioen transmisioaren sustapena landu nahi dira. 2008an, Carlos Gurpegui eta Gurutze Fernández Perun izan ziren, DEPYDES elkartearen bidez; 2013an, Óscar de Marcos izan zen bertan, proiektua bertatik bertara ezagutzeko.
Athletic Club Fundazioari dagokionez, Jutiapa eremuan SERSO HONDURAS proiektuarekin garatzen den lankidetzaren antzeko zerbait da, hau da, elkarbizitza eta kirola sustatzeko asmoz eremu publikoak berreskuratu eta futbol txapelketak antolatzea. Gainera, entrenatzaileei prestakuntza eman, metodologia landu eta kirol materiala lortzeko lan egiten da.