Athletic Clubek emakumezkoen futbola bultzatu du komunitatearen sustraietatik eta 450 neska bildu ditu Lezaman
Zelaia Irabazi & Lay ‘s Replay proiektuak beste urrats bat eman du igande honetan datorren denboraldiari begira. Bilboko Ibaiondo eta Errekalde auzoetako 13 ikastetxetako 12 eta 16 urte bitarteko 450 neska Lezaman bildu dira Athletic Clubek antolatutako emakumezkoen futbol txapelketa jokatzeko. Proiektuaren helburua kirola komunitatearen sustraietatik bultzatzea da, futbola gizarte- eta hezkuntza-tresnatzat hartuta, osasun fisikoa eta mentala hobetzeaz gain, beste balio batzuk ere txertatzen baititu, hala nola kide izatearen zentzua, tolerantzia, errespetua, konpromisoa eta talde-lana, besteak beste.
Datorren denboraldiari begira, proiektuak 25 neskaz osatutako hiru talde sortzea aurreikusi du, haur mailako bat eta bi kadete, gehi laugarren entrenamendu-talde bat. Txapelketa neskatoak erakartzeko modu bat da, talde horietako batean izena eman dezaten. Hori dela eta, Errekaldeko El Fango Kiroldegiko Lay ‘s Replay zelaian egoitza izango duen proiektua sendotuko da.
Proiektuaren alderdi garrantzitsu bat da izen-ematea doakoa dela eta, talde horietan parte hartzeko, ez dela maila berezirik eskatzen. Ekimena hainbat oztopo direla-eta (sozioekonomikoak, kulturalak, aurreiritziak, etab.) aurrez kirola egin ezin izan duten neskei zuzenduta dago. Athletic Club Fundazioak ezarritako eredua duela hamarkada bat baino gehiagotik Bakuva Fundazioarekin batera hain arrakastatsu garatzen ari den eredu bera da, azken hau ere ekimen honen parte izango delarik. “Zelaia Irabazi & Lay ‘s Replay” Common Goal eta UEFA Foundation-en laguntzarekin eta Lay’ s-en babesarekin abian jarritako proiektua da.