Klubak, materialaren dohaintza instituzionalaz gain, athleticzale familia DANAk suntsitutako Valentziako hamaika klub ez-profesionalen AMIC izatera animatzen du
“Athletic Club gara, gizartearekin eta inguratzen gaituen sufrimenduarekin konprometitutako taldea”. Mezu honekin, Nerea Ortiz presidenteordeak AMIC ATHLETICZALE kanpaina aurkeztu du bideo instituzional baten bidez. Kanpaina honen bidez, Athletic familiak urriaren 29an Valentzia suntsitu zuen DANAk gehien kaltetutako klubak berreskuratzearen alde egingo du.
Athleticek 110.000 € emango dizkie kirol-ekipazioetan eta -materialean tragediak gehien zigortutako hamaika talde ez-profesionali, eta ekimen solidario honen buru da web orri baten bidez, zeinean familia zuri-gorriko kide bakoitzak gutxienez 20 € eman baititzake, oinarri-futboleko hamaika klub horien AMIC bihurtuz.
Futbola, beste guztia bezala, oinarritik eraikitzen da. Harrobiko lana Athleticen nortasunaren parte da eta benetako gizarte-ondasuntzat hartzen da. Hori dela eta, Klubak bere laguntza DANAk suntsitutako instalazioak dituzten hamaika klub ez-profesionali zuzentzea erabaki du: CF E1 Paiporta, UD Aldaia CF, Sedavi CF, UD Balompie Alfafar, Unión Benetusser Favara CF, FBCD Catarroja, At. Benimar Picanya, CDB Massanassa, Discóbolo La Torre AC, CF Juventud Chiva eta Racing D ‘Algemesi. Gazte askori bizia, jokoa eta prestakuntza ematen dieten tokiko klubak dira, eta haientzat futbola ilusio- eta itxaropen-iturri bihurtzen da. Topaleku bat da, etorkizuna berreraikitzeko lekua.
Behin hondamendiaren garrantzia ezagututa, hasiera-hasieratik Athletic Clubek bere aletxoa zuzenean eta modu eraginkor eta adostuan jartzeko erabakia erakutsi zuen. Entitate eta erakunde publikoekin hainbat elkarrizketa izan ondoren, Klubak AMIC ATHLETICZALE ekimenak ezarritako helburuak hobekien betetzen zituela ondorioztatu zuen. Ondorengo egunetan, Kluba hamaika talde horietako arduradunekin harremanetan jarri zen proposamena kontatzeko, eta harrera aparta eta zirraragarria izan zen.
Aldi berean, azken asteetan zehar, hainbat athleticzalek Valentziako herriarekin elkartasun ekimen bat zuzentzeko eskatu diote Klubari. Kanpaina honek ere eskaera horri erantzuten dio. Gu garena esaten dugunaren eta garenaren arteko koherentzia ekintzekin frogatzen da. Egiten duguna gara. Eta Athletic Club gara.
AMIC ATHLETICZALE Athletic Club osoak sustatutako elkartasun kanpaina da eta abenduaren 31ra arte egongo da indarrean. Bildutako diru guztia modu ekitatiboan bideratuko dira adierazitako 11 klubetara, eta bakoitzari zenbateko bera esleituko zaio. Kanpainarekin bat egiten duten pertsonek eta AMIC ATHLETICZALE direnek Klubak sortutako akreditazio digitala jasoko dute.