Andrea Segura, Carlos Martinez, Julen Axpe eta Miguel Angel Roman “Letrak eta Futbola” zikloan parte hartu zuten
Joan den ostiralean, martxoaren 22an, Athletic Club Fundazioak antolatutako “Letrak eta Futbola” jaialdiari itxiera emateko “Futbolaren narratzaileak” hitzaldia burutu zen. Bertan izan ziren Andrea Segura, Carlos Martinez, Julen Axpe eta Miguel Angel Roman. Guztiek, euren esperientzietatik abiatuta, Agustin Benito bizkaitar kazetariarekin batera, futbol partida bat kontatzerako orduan aurrez aurre topatzen dituzten konplexutasun eta erronkei buruz aritu ziren. Horrekin batera, denek Athletic Clubek duen narratiba bereziaren inguruko hausnarketa plazaratu zuten baita.
Belaunaldi ezberdinetako narratzaileak izanik, Carlos Martinezek hiru hamarkada baino gehiago daramatza futbolzaleen etxeetara iristen. Bere aurreneko esperientzia, Canal+ kate hasiberrian, 1990eko abuztuan Huelvan jokatu zen Colombino Trofeoan izan zen, Athleticen garaipenarekin amaitu zena. Jorge Valdanok lagunduta, Martinezek arineketan hartu behar izan zuen bere gain narrazioa, Jose Angel de la Casa mitikoa ordainketa pribatuko kate sortu berrira iristea eragotzi zuten arazo burokratikoak medio. Kantatu zuen lehen gola Ernesto Valverdek lortu zuen buruz, orduko aurrelari gasteiztarrarengan ezohikoa zen estiloan. Harrezkero, Carlos Martinezek bisita ugari egin ditu San Mamesera, bere burua estadioa zaharraz maiteminduta zegoela aitortuz, eta Athleticen ehunka partida kontatu ditu, orain Movistar-en. Besteak beste, Brasilen aurkako mendeurreneko partida edo Portugalgo Sporting Cluberen aurkako UEFA Europa Leagueko finalerdiko itzulerako partida. Bere narrazioak Movistar Plusen bitartez jarrai daitezke egun.
Miguel Angel Romanek, bere aldetik, hamarkada bat baino gehiago darama telebistako emankizunak bere ahotsarekin gidatzen. Kazetari katalanak, gainera, jakin izan du egungo joera guztietara egokitzen, eta presentzia zabala du Twitch edo Youtube bezalako plataformetan. Gainera, EA FC24 bideojokoaren narratzailea da, eta, horri esker, hainbat belaunaldi eta audientzia ezberdinekin engaiatu daiteke. Bere kasuan, Iñaki Williamsek 2018-2019 denboraldian Sevilla FCren aurka sartutako goletako baten kontakizuna oso gogoan dute zale zuri-gorriek. Gaur egun, La Liga Ea Sports txapelketaren baita, Romanek egindako partiden kontakizunak DAZN-n jarraitu daitezke.
Andrea Segura, beste narratzaile batzuekin batera, zulatu ezinezkoa zirudien hormigoizko sabai bat apur duen aitzindarietako bat izan da, emakumezkoak futboleko norgehiagoka baten narratzaile bilakatuz. Erantzukizun horren jabe da eta onartzen du emakumeek gizonek baino presio handiagoa izaten jarraitzen dutela mikrofono baten aurrean jartzeko orduan. Bestalde, Roman eta Segura bezala, Julen Axpe otxandiarra ere DAZNn aritzen da. Futbolari ohia eta bakarrizketetan trabatua, beti bere furgonetaz lagunduta, Athletic Clubeko partiden kontakizunak euskararekin berriz konektatzen jakin du, estilo propio eta intuitibotik abiatuta. Horrela, golak kantatzerako orduan, herri kulturako elementuak sartzeko abilezia berezia du, hala nola “Dragoi Bola” japoniar telesail mitikoko abestia ikonikoa edo Itoizen “Lau teilatu” ezaguna talde zuri-gorriaren tantoekin lotuz.